Hiriburuko La Perle aretoan (Lapurdi) jokatu dute Xilabako bigarren faseko hirugarren eta azken saioa, eta erabakita geratu da zer bertsolari arituko diren finalaurrekoetan. Gaurko saioan Aitor Servier Etxexuri izan da onena, 413 punturekin, eta hark zuzenean lortu du finalaurrekoetarako txartela.
Servierrek tarte handia atera die gainontzeko bertsolariei. Bigarren sailkatuak, Irantzu Idoate Funosasek, 396 puntu jaso ditu. Jarraian, Ramuntxo Christy Bizkaik 388,5 puntu lortu ditu; Nahia Sasco Etxeberrik, 386,5; Joanes Etxebarria Martinezek, 369; eta Johaine Sarraillet Arrizabalagak, 314,5.
Beraz, jada jakinak dira finalaurrekoetan arituko diren bertsolarien izenak, bigarren fasean abestu duten hemezortzi lagunetatik hamabi onenak: Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Aitor Servier —saio bakoitzeko garaileak—, Maddalen Arzallus, Patxi Iriart, Elixabet Etxandi, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Ramuntxo Christy, Nahia Sasco, Karlos Aizpurua eta Mizel Mateo.
Lehen finalaurrekoa urtarrilaren 10ean izango da, Baigorriko Plaza Xoko aretoan (Nafarroa Beherea), eta bigarrena, urtarrilaren 17an, Bardozen (Lapurdi).