Onena bukaerarako uzten da beti. Edo? Bertso bat egiteko gomendatutako formulak behintzat halaxe erraten du: bukaeratik hasteko. Errematea deitzen zaio horri; lehendik ona zena hobea egitea. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez da bukaeratik hasi, baina ailegatu da horraino, eta gaur jaurti du azken errematea. Egokia zen formula, gordea zuten onena, eta hagitz fin aritu dira zortzi bertsolariak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean. 1163 puntu zakuratuta, Aitor Etxebarriazarraga Gabiolak irabazi du Bizkaiko txapela, lehenbiziko sailkatzeagatik ez ezik, txapelketa osoan egindako bide emankorragatik. Harengandik puntu erdira baino ez da geratu bigarrena, Onintza Enbeita Maguregi, 1162,5 punturekin. Txukun-txukun ibili dira gainerakoak ere, eta horrelaxe sailkatu ditu epaimahaiak: Txaber Altube Sarrionandia (698,5 puntu), Aitor Bizkarra Ruiz (694,5 puntu), Xabat Galletebeitia Abaroa (691 puntu), Jone Uria Albizuri (691 puntu), Oihana Bartra Arenas (689 puntu), eta Gorka Pagonabarraga Agorria (671 puntu).
Agur bero bat kantatu dio bakoitzak begira zeukan 4.700 buru inguruko plazari, eta, segidan, hamabost bertso agindu ditu Idoia Anzorandia Kareaga gai jartzaileak; serio hasi dira lanean zortziko nagusian. Normalean mantso-mantso joaten da publikoa berotzen, baina, gaur, bereziki bero hasi dira ikusleak txaloka, kantatzen hasi direnetik bukatu dtenera arte. Bartra eta Etxabarriazarragaren lana nagusitu da zortziko handiko ariketan: amona zen Etxebarriazarraga, eta Bartra, berriz, biloba. Amonak Londresera bidaiatu behar izan zuen aspaldi, abortatzera. Bilobak erran zion abortatu egin nahi duela berak ere, eta hala erantzun dio Etxebarriazarragak: «Zuk trankil hartu erabakia/ zer gura dozun lehenik/ mundu honetan gauza gutxi dau/ konpondu ezin leikeenik». Eta egoera erreal batekin atera zaio biloba: «Aurreko baten ospitalean/ eduki nuen kontsulta/ eta kanpoan jende pila bat/ hasi zitzaidan oihuka». Animatu egin du helduak, azkenerako: «Baina halan be nik pentsetan dot/ bere min ta bere laino/ hobeto dala behin sufritzea/ beti damutzea baino».
Behin lehen horma hautsita, umorez egin diote harrera zortziko txikiari. Txalo zaparrada jo diete, erraterako, Bartrari eta Uriari. Dantzariak izan dira biak, eta 24 metroko altuera batetik jarri dituzte aurresku bat dantzatzen Bilboko salbeko zubian. Hitz joko batekin ekin dio Bartrak: «Agurra dantzatzeko/ esan dute labur/ baina hau izango da/ benetako agur». Eta, kolpe horri, bertze bat eman dio Uriak: «Lasalbe izena ere/ zerbaitengatik du».
Ederki aritu dira Enbeita eta Altube ere; horiek, ordea, Euskal Herria ezagutzera abiatu diren bi lagunen larrutan. Euskal herritarrak ziren, baina beti kanpoko herrialdeetara bidaiatu dutenak. «Himalayan ibili/ izan gara urrun/ gaur arte ez nekien/ nun zegoen Larrun», eta umorez jarraitu Enbeitak: «Lehen gastau izan dogu/ horrenbeste diru/ ta Araba existitzen/ danik ez dakigu».
Hamarreko txikia heldu denerako olatuak egiten eta txaloka aritu da publikoa. Urte luzez politikagintzan jardun duten bi langileren rolean kantatu dute Bartrak eta Pagonabarragak. Kargu hori utzi egin du Pagonabarragak, eta enpresa bateko administrazio kontseiluan lana bilatzen laguntzen hasi da Bartra. «Bueno hor daude Petronor/ BBK zein nonahi/ horrexegatik trankil/ egon zaitez, Unai/ Josu Jon sartu gendun/ eta zu ere bai», bota dio Bartrak, eta hala erantzun kideak: «Handitzen hasiko zait/ Oihana gogotik/ daukadan tripa fina/ lehenengo tragotik/ aurpegia handia/ daukat lehenagotik». Ironikoki, halaxe jaurti dio Bartrak: «Guretzat izango da/ askoren katea/ ta Deiako portadan/ kasualitatea».
Bakarka aritzea izan da bosgarren lana, eta askotariko gaiei buruz jardun dira kantuan. Gernikako bonbardaketako biktima bat izan da Uria, zeina ez den gonbidatua izan Alemaniako presidenteak Gernikan egindako barkamen ekitaldira. Eta horrexegatik zegoen haserre, hain zuzen ere. Ahaldunduta kantatu du azken bertsoa, eta txaloz ohoratu dute entzuleek: «Protesta egin nahi nuke/ ahal dudan gisan hemendik/ nahiz eta adin honekin/ ia ez dudan kemenik/ orduan egin zenutenak/ berez ez dauka izenik/ ta gaur egin duzuenak/ ere ez du barkamenik».
Etxebarriazarragak txapelketa osoan landu duen doinuan kantatu du bakarkakoa: bederatzikoan. Zailagoa teknikoki, eta, hortaz, ederragoa ongi asmatuz gero. Itsasoan eman du bizitza, eta alabak erran dio hark ere ogibide hori aukeratu nahiko lukeela. «Pozten naiz hori bada/ zure bizi plana/ tori aitan barkua/ eta egin lana/ hartu lema bana/ bogan zaroana/ horixe da dana/ gozatu laztana/ beti lortu dozu ta/ nahi zenduana».
Lan txukuna ondu du Bartrak ere, azken hilean emanaldirik egin ez eta laurehun eurorekin hilabetea egin behar izan duen aktore baten rolean. Itziar Ituñoren ahotik jardun du, eta famatu egin zuen telesailari egin dio keinu: «Inork ez nau deitzen ta/ patrikari traba/ inork imajinatzen/ ez duen gisara/ nire etxea ere/ paperezkoa da».
Txalo eta biba ugari jaso ditu Enbeitak bakarkako lanean, bera emozionatzeaz gain, hunkituta utzi dituelako entzuleak ere. Hala zioen eman zioten gaiak: «Adinean aurrera zoaz, eta geroz ta gehio kostatzen jatzu gorputzaren aldaketak onartzea». Barrutik aritu da, zinez: «Jende aurrera urten behar dot/ beste danak lez jakina/ neuregan neure tximur guztiak/ ta neuregan neure mina/ hau da gorputz bat ez da bakarrik/ azala eta mamina / da beste danen bardina baina/ beste danen desbardina».
Bakarkakoan jo du goia Bizkarrak, eta herentziari uko egin dion familia aberats bateko seme baten larrutik kantatu du. Enpresa bateko jabe izendatu dute, eta utzi eginen duela kontatu du: «Diruak badu nahiko delitu/ bultzatzen ditu, mantentzen ditu/ behean daudenak beherantz/ ta aberatsak aberats».
Bakoitzak bere onenari
Bortz lan horiek egin ondotik, deskantsurako parada hartu dute sei bertsolarik, eta azken esprinta egitera abiatu dira Enbeita eta Etxebarriazarraga, puntuazio handiena lortuta haiek pasatu baitira txapelketako azken gailurrera: buruz burukora. Suelto zebiltzan biak ordurako, eta arin-arin hasi dira zortziko txikian, baina ganbaran egin dute biek distira. Halaxe zioen gaiak: «Begietara begiratu eta hola esan dizu: ‘onena zara’»

Maitale baten rolean kantatu du Etxebarriazarragak, eta maitekiro josi ditu hiru bertsoak habaneran. Urtebete da maitalea ezagutu zuela, eta kontatu du sarri joaten dela haren etxera: «Gaur onena zara esanez/ laztandu deustazu azala/ guzurra dala jakinda/ ta egia balitz bezala». Hunkitu egin dira entzuleak. Baina badaki bikote baten hirugarren norbanakoa dela bera, eta, beraz, itxaron egin behar izaten duela harekin egoteko. Halaxe ondorioztatu du: «Zertan hasiko gara ba/ gure artekoa sailkatzen/ zer dan ona zer dan txarra/ alper-alperrik aipatzen/ igual neuk ikasi behar dot/ neure burua maitatzen».
Eta barru-barrutik kantatu du Enbeitak ere, atzoko egunera ekarrita gaia. Bikoteari begira jarri zaio, eta, bertzeak bertze, barkamena eskatu dio txapelketaren aitzinetik hain urduri eta zoratuta egoteagatik. «Nahiz eta jakin zu ez zarela/ nigazko inpartziala/ igarri dozu momentu hortan/ horixe behar nebala». Aldarri txiki batekin bukatu ditu lanak: «Gura ez arren sarri besteek/ ein behar euzkue argi/ eta holantxik hoba begitu/ gure txikitasunari/ esan nahi deutzut jende aurrean/ ta esan nahi deutsut garbi/ ingurukoek eutsi ezean/ inor be ez da hain handi».Â
Hamarrak heltzear zirela bukatu da Bizkaiko finala, eta txapeldunaren agurra aditu ondotik hasi dira denak elkar agurtzen. Etxebarriazarraga: «Ta soilik ametsak ez/ heltzeko utopira/ ekiteko unea/ hau dala argi da/ biharrak marrazteko/ gaurrak behar dira».