Zinema

Alauda Ruiz de Azuaren lan berria Urrezko Maskorrerako lehian egongo da

Blanca Soroa eta Patricia Lopez Arnaiz aktoreak ditu protagonista 'Los domingos' film luzeak, eta Donostiako 73. Zinemaldiko Sail Ofizialean erakutsiko dute.

Blanca Soroak eta Patricia Lopez Arnaizek jokatzen dituzte rol protagonistak Alauda Ruiz de Azuaren 'Los domingos' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Blanca Soroak eta Patricia Lopez Arnaizek antzezten dituzte rol nagusiak Alauda Ruiz de Azuaren 'Los domingos' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
2025eko uztailaren 23a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Donostiako 73. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko diren hiru film iragarri zituzten orain dela bi aste jaialdiaren antolatzaileek; tartean, Moriarti kolektiboko Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomas. Urrezko Maskorra lortzeko hautagai izango den beste film baten berri eman dute gaur: Alauda Ruiz de Azuaren Los domingos

Los domingos-ek Ainararen istorioa kontatzen du, 17 urteko gazte idealista eta apartekoa. Haren familiak unibertsitatean zein karrera ikasiko duen erabakitzen ari dela uste badu ere, gazteak adieraziko die Jainkoarengandik gero eta hurbilago sentitzen dela, eta klausurako moja izatea pentsatzen ari dela. Albisteak ustekabean harrapatuko du familia osoa; amildegi bat sortuko da senideen eta gaztearen artean, eta erronka horri aurre egin beharko diote. Blanca Soroak antzezten du Ainararen rola filmean —aurrereneko lana izango du film batean—, eta Patricia Lopez Arnaizek ere rol nagusietako bat gorpuzten du. Miguel Garcesek, Juan Minujinek, Mabel Riverak eta Nagore Aranburuk osatzen dute antzezleen zerrenda. 

Ruiz de Azuaren (Barakaldo, Bizkaia, 1978) lehen aldia izango da Urrezko Maskorrerako lehian, baina ez du lehen aldia izango Donostiako Zinemaldian. 2022an Zinemira atalean erakutsi zuten zuzendariaren lehen film luzea, Cinco lobitos, zeinak gerora zuzendari berri onenaren Goya saria eskuratu zuen. 2024an, Querer telesail laburrarekin, Sail Ofizialean parte hartu zuen, baina lehiaz kanpo —Forque eta Feroz sariak lortu zituen lan horrek—.

Aktoreei dagokienean, berriz, Lopez Arnaizek badaki zer den Donostiako Zinemaldian saritua izatea. Izan ere, 2024an, aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen Pilar Palomerok zuzendutako Los destellos filmean egin zuen lanarengatik. Halaber, aipatzekoa da Nagore Aranburuk aurtengo Zinemaldian izango duen lekua. Izan ere, Ruiz de Azuaren lan berrian ez ezik, orain dela bi aste iragarri zituzten lanetako hirutan ere parte hartuko du: Maspalomas-en, Asier Altunak zuzendutako Karmele filmean eta Koldo Almandozen Zeru ahoak telesailean —azken bi horiek Sail Ofizialean emango dituzte, lehiaz kanpo, emanaldi berezietan—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.