Zinema estreinaldiak

Albo kalteak

'Naza' dokumentalean Israelgo armadako kideen testigantzak biltzen dituzte, eta, hala, Gazako erasoen atzean zer dagoen erakutsi. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagileek zuzendu dute lana.

'Naza' dokumentala. ZUMZEIG
'Naza' dokumentala. ZUMZEIG
itsaso jauregi 2
2026ko urriaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Naza, Israelgo armadak hitz hori erabiltzen du albo kalteez aritzeko, biktima zibilez alegia. Gazan (Palestina) «helburu militar» bat suntsitzeko ere bai, hain zuzen ere. Yuval Abraham eta Rachel Szor zinemagileek zuzendutako Naza dokumentalean, Tel Aviveko teilatuetan izandako topaketa batzuk biltzen dira; gauez izandakoak, isilpean. Israelek Gazan egindako hilketa kalkulatuaren sistemak diseinatu eta erabili dituztenekin hitz egiten dute zuzendariek. Ilunpetan, 24 militar eta ofizialen testigantzak jaso dituzte: genozidioaren ezaugarriak zehatz-mehatz kontatzen dituzte, eta azaldu nola erabiltzen duten adimen artifiziala bonbardaketak planifikatzeko orduan.

Eraso horiek aurrera eramateko erabaki katea osatzen duten mekanismo eta pertsonetan zentratzen da dokumentala; hala ere, elkarrizketatuen aurpegiak eta ahotsak digitalki aldatu dituzte. Filma zuzendarien kazetaritza eta zinema lanaren jarraipena ere bada. Izan ere, Abraham eta Szor No Other Land (2024) dokumentalaren lau zuzendarietako bi dira. Kazetaritza eta zinema dokumentala uztartzen ditu berriz ere Naza-k, zinemagileek urteetan ikertutako errealitate batean sakontzeko asmoz. Proiektua The Guardian eta JW Films ekoiztetxeek babestu dute, Jonathan Glazer produktore exekutiboa dela. Veneziako zinemaldiko epaimahaiaren sari berezia jaso du lanak.

Hainbat herrialdetako zinema aretoetan estreinatzeaz gain, Interneten doan ikusteko aukera ere izango da, Yuval Abrahamek X sare sozialean iragarri duenez: «Interes eta garrantzi publikoa kontuan hartuta, edozeinek izan dezan soldaduen testigantzak ikusteko aukera». Erresuma Batuko The Guardian egunkariaren eta zuzendarien ekimenez egingo dute hori; iragarri dutenez, filma azaroan zabalduko dute, eta denbora mugarik gabe ikusi ahal izango da.

'naza'

Zuzendariak eta gidoilariak: Yuval Abraham eta Rachel Szor. Argazkia: Rachel Szor. Generoa: Dokumentala. Urtea: 2026. Iraupena: 80 minutu. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: urriaren 9an estreinatuko da Hego Euskal Herrian, eta 12an Ipar Euskal Herrian.

Beste estreinaldi batzuk:

(ID_17911941663595) Ceniza en la boca
'Ceniza en la boca' filmaren irudi bat. HOLLYWOOD REPORTER

'CENIZA EN LA BOCA'

Zuzendaria: Diego Luna. Gidoilariak: Abia Castillo, Diego Luna eta Diego Rabasa. Aktoreak: Anna Diaz, Adriana Paz, Irene Escolar, Laura Gomez, Charlie Rowe. Argazkia: Damian Garcia. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 97 minutu. Herrialdea: Mexiko eta Espainia.

Bizimodu hobe baten bila, Lucillak Mexikotik Espainiara alde egingo du bere anaia Diegorekin. Lucillaren ama Madrilen dago, zortzi urte daramatza han lanean familia mantentzeko asmoz. Lucillak eta Diegok, Madrilera iristen direnean, ikusiko dute bizimodua espero baino gogorragoa izango dela han. Brenda Navarroren Ceniza en la boca (2022) eleberrian oinarritutako lana da.

'the social reckoning'

Zuzendaria: Aaron Sorkin. Gidoilariak: Aaron Sorkin eta Jeff Horwitz. Aktoreak: Mikey Madison, Jeremy Allen White, Jeremy Strong, Wunmi Mosaku, Betty Gilpin. Argazkia: Jeff Cronenweth. Generoa: Drama. Urtea: 2026. Iraupena: 112 minutu. Herrialdea: AEB.

David Fincher zuzendariaren The Social Network (2010) lanaren pieza osagarri gisa definitu dute pelikula. Mark Zuckerbergek eta haren taldeak Facebook sare soziala aurkeztu eta hogei urtera gertatutakoak kontatzen dira. Frances Haugen (Mikey Madison) Facebookeko ingeniariak Jeff Horwitz (Jeremy Walter White) Wall Street Journal-eko kazetariaren laguntza lortu zuen, sare sozialaren sekreturik ezkutuenak agerian uzteko. 

'other mommy'

Zuzendaria: Rob Savage. Gidoilariak: Nathan Elston. Aktoreak: Jessica Chastain, Jay Duplass, Arabella Olivia Clark, Dichen Lachman, Arian Moayed. Argazkia: Lowell A. Meyer. Generoa: Beldurrezkoa. Urtea: 2026. Iraupena: 93 minutu. Herrialdea: AEB.

Bela 8 urteko neska bat da, eta gurasoekin bizi da, tentsioz jositako etxe batean. Egun batean beste ama izendatuko duen presentzia bat agertuko da bere bizitzan, eta hark hankaz gora jarriko du umearen bizitza. Bere armairutik atera den presentziak zera galdetzen dio umeari: «Sar naiteke zure bihotzean?»; Belak ezetz esango dio, baina laster beste ama gero eta erasokorragoa bihurtuko da.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA