Boston, 1974. Sutan daude kaleak, liskarrak piztu baitira eskoletako arraza segregazioa amaitzeko agintariek hartutako neurrien harira. Giro horretan, udako gau bero batez, irlandar jatorriko langile auzoan bizi den neska gazte bat ez da etxera itzuliko. Haren ama bila hasiko da, eta, bilaketa horretan, arrazakeriaren, delinkuentziaren eta boterearen alderik ilunenak ezagutuko ditu. Dennis Lehane idazle estatubatuarraren Erruki onez suspensezko eleberria euskaraz irakur daiteke orain, Koro Navarroren itzulpenean. Igelak argitaratu du lana.
Izen-abizenengatik baino gehiago askok Lehane haren lanen izenburuengatik ezagutuko dutela uste du Inazio Mujika editoreak. Titulu bereko haren eleberriak dituzte oinarri Mystic River (Clint Eastwood, 2003) eta Shutter Island (Martin Scorsese, 2010) filmek, esaterako, eta gidoigile ere aritu izan da zenbait telesailetan. Erruki onez du argitaratutako lanik berriena —2023an kaleratu zuen, ingelesez—, eta, aurreko lanekin egin bezala, milaka eta milaka ale saldu ditu mundu osoan. «Lehanek suspensezko nobelak idatzi izan ditu, thrillerrak, genero beltzekoak, eta liburu honek hiruetatik dauka».
Bostonen jaioa da Lehane, «eta, beraz, ezagutzen duenetik ari da», Mujikaren hitzetan. Irlandar jatorrikoa ere bada idazlea, eta, hain zuzen, langile auzo irlandar batean girotu du kontakizuna. Alabaren desagertzearen ondotik, amaren bilaketari segituko dio irakurleak. «Alaba ez da inon ageri, eta nobela guztia alabaren bilaketa hori da, eta azkenean, mendeku bat; ama kuraia baten istorioa da, zeina kapaz den mundua hankaz gora jartzeko alaba aurkitzeko».
Misteriorik ez zapuzteko, istorioaren nondik norakoez xehetasun askorik ez dute eman ez editoreak ez itzultzaileak, baina datu bat gehitu du Navarrok: neska desagertu eta aldi berean, amak jakingo du mutil beltz bat hilda agertu dela metroaren trenbidean, tren batek harrapatuta, argi ez dauden arrazoiak tarteko. «Ama konturatzen da bere lankide baten semea dela mutil hori, eta bi gertaeren artean nolabaiteko lotura egon daitekeela». Gertatutakoak argituz joango dira nobelak aurrera egin ahala, baita behin horiek argitzean amak zer egingo duen ere. «Mendekua ere bada liburu honetako hitzetako bat», esan du Mujikak. «Baina gehiago ezin da esan», gehitu du Navarrok.
Bostongo delinkuentziaren mundua, mafia irlandarraren boterea eta klase borroka agertuko dira istorioan barrena, baita arrazakeria ere. Hain zuzen, 1974an eskoletan arraza segregazioa amaitzeko lehen neurriak onartu zituzten Bostonen, eta hainbat istilu sortu ziren horren harira, hiria «kaosaren ertzera» eramateraino. «Lehanek oso ongi egiten du girotze hori; hiria eta garaia oso ondo erakusten dizkigu, modu bizi-bizian, gainera; pultsu narratibo inbidiagarria du», Mujikaren esanetan. «Orrialde bakoitzak erre egiten du, bata besteari kateatzen zaio, eta eraman egiten zaitu bukaeraraino. Autoreak lortzen du ama horren larritasuna irakurleak berak sentitzea».
«Lehanek oso ongi egiten du girotze hori; hiria eta garaia oso ondo erakusten dizkigu, modu bizi-bizian, gainera; pultsu narratibo inbidiagarria du»INAZIO MUJIKAEditorea
Navarroren ustez, tramak adina garrantzia du non eta noiz gertatzen den, eta idazleak oso ongi agertzen du testuinguru hori. Gogorarazi duenez, Vietnamgo gerra amaitzear zen garai hartan, eta liburuan ageri dira ondorioak: «Batzuk behe klasekoak dira, pobreak, eta Vietnamen gerran ibiliak, eta heroinazaleak eginda bueltatu dira. Heroina indar handiz sartzen den garaia da, eta problema hori mafiarekin ere lotua dago». Bestalde, arrazakeriaren aurkako lehen neurriak hartu zirela ere ekarri du gogora, autobusetan eta eskoletan haurren arraza segregazioa amaitzeko. «Eta gure protagonista hauek, behe mailako jende honek, ez dute beltzekin nahastuta ibili nahi. Testuinguruak pisu handia dauka, eta niretzat oso interesgarria da».
Zatarkeria eta abiadura
Testua itzultzen «oso ondo» pasatu duela eta asko ikasi duela adierazi du Navarrok. Halere, itzultzaile gisa, nobelaren bi ezaugarrik «hasieran asko kezkatu» zutela aitortu du: hizkeraren zatarrak, eta kontaketaren abiadurak. «Maldizioak, biraoak, hitz itsusiak eta zatarkeriak etengabe agertzen dira, eta nik ez nekizkien hitz zatar asko. Ingelesez ere ez daude asko, bakarra dute ia, baina modu askotara erabiltzen dute, eta hori arazo bat zen niretzat». Handik eta hemendik aurkitu zituen soluzioak, naturaltasunaren alde eginez.
Kontakizunaren abiadura biziari dagokionean, Navarrok azaldu du Euskaltzaindiak iaz martxan jarritako Noeren ontzia testu literarioen bildumara jotzea bururatu zitzaiola. «Ahozko literaturara joan nintzen, testu hau ahozkotik oso gertu baitago. Erregea eta gatza ipuina irakurtzen hasi nintzen, eta esan nuen: ‘kito, konponduta’. Nola jokatu bi hiru ideia oso inportante eman zizkidan, eta horretan oinarritu nintzen».
Hitanoa itzulpenaren funtsezko beste baliabideetako bat izan dela ere esplikatu du. «Hemen bentaja besterik ez diot ikusi. Hasteko, hitanoarekin automatikoki goaz lagunarteko erregistrora». Gehitu duenez, gizonak eta emakumeak bereizteko ez ezik, pertsonaien arteko hierarkiak markatzeko ere balio izan dio hitanoak.