Gasteizko 49. Jazzaldia

Amazonian hasi du bidaia Gasteizko jazzaldiak

Amaro Freitas Trio taldearen kontzertua, atzo, Europa jauregian. RAUL BOGAJO / FOKU
Amaro Freitas Trio taldearen kontzertua, atzo, Europa jauregian. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko uztailaren 14a
14:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

AMARO FREITAS TRIO

Lekua: Europa jauregia.

Eguna: Uztailaren 13a. 

Gasteizko Jazzaldiaren aurtengo edizioa pluraltasunean errotzen da, eta aukera paregabeak biltzen ditu. Aurretik ere jaialdian arrakasta handia izan zuen Snarky Puppy bueltan izango da, Take 6 ahotsez bakarrik osatutako taldea aurkituko dugu, eta Sun Ra Arkestra historikoaz gozatzeko aukera ere egongo da. Ruben Bladesen izena aurreko urteetako emanaldietarako kontuan hartu bazuten ere, aurten izango da jazzaldian.

Mendizorrotzako eta Europa jauregiko kontzertuez gain, urtero lez, kultur aukera hiri osora eta Arabako zenbait herritara zabaldu da, Pipaoi eta Erriberabeitiara, kasurako. Eta aurten ere Prado parkean larunbatean izandako egun osoko kontzertu sorta abiapuntu indartsua izan zen jazzaren presentzia Gasteizen bueltan zela iragartzeko. Bertan, tokiko eta kanpoko taldeen aukeraketa polita bildu zen. Aipagarrienak Gilipojazz eta Michelle David & The True-Tones taldeak izan ziren. Azken horrek New Yorkeko elizetan ondutako ahotsa eskaini zuen gauerdira arte.

Jazzaldia bera atzo hasi zen, Amaro Freitasen hirukoteak Europa jauregian emandako kontzertuarekin. Hasieratik oihaneko frenesia nabaritu zen aretoan, Brasilgo artistek erritmo up-tempo tropikalenak jo baitzituzten jaialdia irekitzeko. Amaro Freitas pianistak Sidiel Vieira (kontrabaxua) eta Rodrigo Digao Braz (bateria) lagunekin egin du bat taldea osatzeko.

Haien musikaren ikuspuntu esperimentalaz jabetzea erraza da hasieratik, eta azken urteetan jaso dituzten miresmen adierazpenen zergatia nabaritzea ere bai. Esperimentu hauek eraikitzeko erabiltzen dituzten osagaiak, ordea, bereziki organikoak eta bertakoak dira. Pernambucoko artista, mikrofonoa hartu, eta bere inguruko komunitate indigenaz hitz egiten hasi zen; izan ere, haien kultura eta bizimodua inspirazio iturri nagusitzat hartu ditu. 

Brasilgo klima eta Gasteizen jasandako beroa alderatu zituen Freitasek, modu ausartean eta euskarari keinu txiki bat eginez, eta aurrera egin zuen erritmo upbeat-ekin. Taldeak airos egin zuen salto groove amazoniarretatik jazz motiboetara, eta txalo ugari jaso zituen. Halako batean, bateriak erritmo desberdin bat proposatu zuen esku maraka xume batekin, eta Freitasek pianoaren sokak esku batekin eutsiz eta bestearekin joz jarraitu zion. Une batean, erritmo konstanteak eta soinu erdi metalikoek tekno kutsu bat hartu zuten, eta soinu aberats horrekin jazzaren arlotik at sentiarazi gintuzten.

Aurrera egin ahala, looper-a erabiliz eta aipatutako soinu organikoez baliatuz, ambient jazzera igaro ziren, zeinaren bitartez Amazoniako txorien soinuak eta naturan ezagututakoak gurera ekarri zituzten. Une batez, oihanean bilduta geundela iradokitzea lortu zuten.

Bidaia bukatzeko, bere amari konposatutako pieza elkarrekin abestea proposatu zigun Freitasek; melodia errazeko sehaska kantu samurra izan zen. Gasteizko publikoaren jarrerarekin eta parte hartzearekin erraz gozatu zuten hirukoteko musikariek, eta eskakizun bihurriak eginez jostatu ziren publikoarekin. Saioa samurtasunez amaitu bazuten ere, bisean behartu egin zuten up-tempo urduri geldiezin karakteristikoa, pieza motz eta sutsuenarekin, eta, horrela, gauean erakutsitakoa laburbildu zuten. Halakoetan, amaieran geratzen diren sentsazioei erreparatu behar zaie: Amazonaseko uhinen erresaka utzi digute Gasteizen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA