Ingalaterrako aro viktoriarreko gizartea aztoratu zuen Bram Stokerren Drakula liburuak 1897an. Duela 129 urte argitaratu zen, baina akaso liburu berak euskal gizartea aztoratuko du orain. Ana Morales idazle eta itzultzaileak euskaratu berri du, eta bekatuaren, debekuaren eta sexualitate konbentzionalaren mugetatik kanpo dauden pasarteak jarri ditu mahai gainean, gaur egungo irakurleari ere zirrara sor diezaioketelakoan. Edonola ere, Stokerrena ez da banpiro bat azaltzen den lehen nobela. Bai, ordea, Drakula azaltzen den lehena. Eta gaurdaino hainbat pelikula, bertsio eta ikerketa plazaratu dituzte Stokerren liburua oinarri hartuta, baina Moralesek uste du jatorrizko istorioak jende asko ezustean harrapatuko duela. Elkar argitaletxearen Ateko Banda bildumaren parte izango da liburua.
Aurrerapen teknologiko eta zientifikoen aroa izan zen aro viktoriarra, eta horixe irudikatzen du nobelak: argazki makina, fonografoa, telegrafoa... Den-denak azaltzen dira liburuan, bai eta psikologiaren eta kriminologiaren teoria berriak agertu ere. Alde horretatik, Xabier Mendiguren editorea harritu egin zen nobela irakurtzen ari zela istorioan autobus bat topatzean: «Ez zuen, nik uste bezala, zalgurdi bat aipatzen; hain justu, jatorrizko bertsioan autobus bat ageri da». Baina, kontrara, liburuak iragan aroko zantzuak ere baditu; badaude zalgurdiak, bai, baita gazteluak, urruneko leku exotikoak, kanposantuak, somnanbulismoa eta telepatia ere, denak ala denak erromantizismoaren lekuko.
«Oscar Wilderen kartzelatzea presente dago gizartean eta presente dago Bram Stokerren bizitzan; lagunak ziren. Eta halako fenomeno batek mahai gainean jarri zituen sexualitate ortodoxoaren gaineko zalantzak»
ANA MORALES Itzultzailea
Eta moralari erreparatuta, Moralesek gogorarazi du aro hura kontserbadorea izen zela: «Genero bitasuna ikaragarri gainbegiratzen zen, senar-emazte heterosexualek osatutako familia nuklearra da gizartearen zutabea, eta balio horiek ikaragarrizko zurruntasunez kontrolatzen dira». Baina, aldi berean, balio horiek kolokan jarri zituzten «kontrako indarrak» hasi ziren sortzen. Horren adibide, gizartean ez ezik nobelan ere beren lekua duten bi fenomeno aipatu ditu itzultzaileak: bat, garai hartako prentsak emakume berria esaten zion horren figura, «protofeminista edo feminismoaren aitzindaria» izan zitekeena, hain zuzen, «berdintasuna aldarrikatzen zuena ekonomian edo politikan, eta bere burua entzunarazten ari zena» —emakume berria-ren aipamena Drakula-n agertzen da, zehatz-mehatz—. Eta, bestetik, bigarren fenomenoa, Oscar Wilderen epaiketa 1895ean, homosexuala izateagatik. «Wilderen kartzelatzea presente dago gizartean eta presente dago Bram Stokerren bizitzan; lagunak ziren. Eta halako fenomeno batek mahai gainean jarri zituen sexualitate ortodoxoaren gaineko zalantzak».
Stokerren nobelak kontraste joko horretan topatzen du oreka, eta, Moralesek aipatu duenez, Drakularen figurak ere kontraste hori irudikatzen du: «Drakula erdi animalia erdi gizona da; erdi hila dago, erdi bizia; higuingarria da eta, aldi berean, magnetismo eutsiezin bat du. Androginoa da, eta sexu beharrik gabe haurrak eduki ditzake; aita eta ama da aldi berean. Hala, zalantzan jartzen du bitasunaren joera. Liburua kontraste festa bat da».
Munstroarekin parez pare
Baina zer aurpegi du munstroak? Moralesen ustetan, munstroari zuzen-zuzenean begiratzeak gakoak ematen ditu «hura sortu duen artistaren eta bere garaiaren beldurrei antza hartzeko». Bada, munstroaren ezaugarri gisa, jariakinen trafikoa aipatu du lehen-lehenik; odolarena, batik bat: «Odolak kutsu erotiko nabarmen bat du bai aro viktoriarrean, baita gurean ere». Eta hori azaltzeko, besteak beste pertsonaiek banpiroarekin izaten dituzten enkontruei buruz aritu da itzultzailea: «Banpiroa agertu eta haginka egiten dionean biktima bati, enkontruaren deskribapenek ezaugarri orgasmiko oso nabarmenak dituzte. Gainera, banpiroa gonbidatu egin behar izaten da; ezin da zure etxera sartu zuk baimenik ematen ez badiozu». Hortaz, higuina eta erakarmena, biak sorrarazten ditu; zehazki, «tabuek edo perbertsioek bezala», azpimarratu du Moralesek. «Banpiroak aukera ematen du errurik gabeko bekatua egiteko».
«Banpiroa agertu eta haginka egiten dionean biktima bati, enkontruaren deskribapenek ezaugarri orgasmiko oso nabarmenak dituzte»
ANA MORALES Itzultzailea
Eta zer gertatzen da banpiroak emakume bati haginka egiten dionean? Bada, Moralesek erantzun du: «Haragikoia bihurtzen da, lizuna, dominantea, informazioa gordetzekoa, begirada gogorrekoa... Ez da eztia, emakume edo ama viktoriar batek behar lukeen gisan; areago, ez zaizkio umeak interesatzen. Beno, bai, baina jateko». Aldiz, nobelan banpiroak ez dio gizon bakar bati ere kosk egiten; Moralesen ustez, tabu handiegia litzatekeelako nobelan hori agertzea. Hortaz, zeharkakoak dira gizonezkoen aurkako erasoak; emakumeen bitartez kutsatzen dira, eta, ondorioz, feminizatu. «Genero rolak hankaz goratu egiten dira», azpimarratu du Moralesek.
Euskaraz, azpieuskalkietan
Itzultzaileak nabarmendu du Stokerren jatorrizko bertsioan bigarren mailako bospasei pertsonaiek eta lehen mailako beste batek hizkera berezi bat erabiltzen dutela; zehatzago, ingeles ez-estandar bat. Esan du halakoetan itzultzaileak erabaki bat hartu behar izaten duela: dena berdin itzuli —eta irakurlea ez dadila jabetu— edo jatorrizko testuari leial izan. Bigarren aukera hautatu zuen Moralesek: «Horiek dira liburuaren aberastasunak, eta iruditzen zait euskarak badituela halakoak islatzeko baliabideak».
Baina ez ditu soilik euskalkiak sartu, erregistro informala ere erabili du Moralesek; nobelak hala eskatuta, akats gramatikalak sartzeraino. «Azpieuskalkiak», finean.