Leire Lopez Ziluaga.
Bi ahotsetara

Alu matxinatuak askatu

2012ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gaur Pussy Riot (Alu matxinada) punk talde feminista errusiarreko hiru kide epaituko dituzte, Moskun. Taldea irail amaieran sortu zuten, Putinek berriz hauteskundeetara aurkeztuko zela iragarri zuenean. Emakume anonimo batzuek osatzen dute, eta burua kolore biziz estalita agertzen dira jendaurrean. Putinen kontra aritzeaz gainera, emakumeen eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatu, musikaren eta artearen arloetan diskurtso politiko ausartagoa sortzen saiatu eta diskurtso publikoan gizonek duten nagusitasuna salatu nahi dute, elkarrizketetan esan dutenaren arabera. Ez dute areto pribatuetan kontzerturik egiten, haien printzipioen kontrakoa omen delako. Leku publikoetan jotzen dute, abisurik eman gabe. Plaza Gorrian, kartzela baten teilatuan, metro geltokietan eta bestelako lekuetan jo dute orain arte. Baina Moskuko katedral ortodoxo batean egindako saioagatik epaituko dituzte gaur. Otsailaren 21ean, aldarera igo eta Ā«Andre Maria, izan zaitez feminista / Andre Maria, bidal ezazu PutinĀ» esaten zuen otoitzpunk-a kantatu zuten, jantzi koloredunekin saltoka ari zirela. Minutu bat baino gutxiago iraun zuten, haiek bidali baitzituzten Ama Birjinaren zaindariek. Horren ondorioz, taldeko ustezko kide bi atxilotu zituzten martxoaren 4an, eta epaiketan testigu ari zen beste bat 15ean. Esan dudan bezala, gaur da epaiketa, eta zazpi urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen dute haientzat. Zenbait errusiar eskandalizatuta omen daude. Apaiz ortodoxo batek esan duenez, orain errusiarrek badakite feminismoarena eta punkarena deabruzko kopula dela.

Euskal Herrian, urrun daLas Vulpesek Me gusta ser una zorra-rekin hautsak harrotu zituen garaia, baina Medeak-ek, Bilgune Feministak eta bestelako talde batzuek egiten dituzte lantzean behin alu matxinadarako ekintzak, zorionez. Ez legoke gaizki elizaren kupularen baten babespean hemen ere deabruzko kopulak zenbat gustatzen zaizkigun gogoraraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.