Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sari banaketa. PLANO SUBJEKTIBOA

Amaitu aurretik esan nahi nituenak

2014ko irailaren 28a
00:00
Entzun
1. Kopeta-ilea konpontzera joan zen Maider ile apaindegi batetara herenegun. Emakume euskaldunen flekiloak azken aldian ematen ari diren zeresanen eraginez edo. Bertako pelukera latinoamerikarrarekin hizketan hasi eta ea egunotan lan gehiago ote duten galdetu zionean, honek zera erantzun zion: «Mucha más no, pero hoy ha venido una chica que iba a ir a ver esa peli que cuenta la historia de vuestra tierra... La sexta bala». Maiderrek ez zuen pelikula horren berri. La sexta bala, Lasa eta Zabala zela jabetu zen arte. Gure tierra-ren errealitate kaleidoskopikoa.

2. Aurten, argazki eta sinadura ehiztarien lasterketez gain, Reborren korrikaldien testigu izan naiz. Hirutan ikusi dut kaletik korrika aurkezpen batetik bestera ezin iritsita. Zinemaldia, Rebordinosentzat, trajez jantzita egin beharreko maratoia dela esango nuke.

3. Nastassja Kinskirekin gurutzatu naiz Principe aretoetako pasilloetan frogazko proiekzio batean. Pelikula bat ikustetik atera berria, negar malkotan zegoen. Baimena eskatu dit mahai baten gainean utzi berri ditudan film laburren eskuorriak hartzeko. Edukatua izateaz gain, emakume hauskor eta maitakorra dirudi. Badira pisu gehiegi duten abizenak.

4. Loreak, El Negociador, Lasa eta Zabala, Los tontos y los estúpidos... aurtengo Zinemaldian izan da Eusko label filmerik. Ez da bat-bateko loraldia izan ordea. Aurreko edizioetan, Urte berri on amona, Bertsolari, Asier eta Biok, Emak Bakia... makina bat film ederrek parte hartu du. Dirua banatzen dutenek meritua beren gain hartzen badute ere (diru publikoa da, ez beraiena), euskal zinemak izan duen jauziaren arduradun nagusiak sortzaileak izan dira. Gehienetan, beren lanak aurrera ateratzeko ekoizle bihurtu behar izan duten zuzendariak. Kasu gutxi batzuetan, zinema maite duten ekoizleen lan fina. Baina loraldi honek ezin du ezkutatu badela beste ikus-entzunezko bat gure herri honetan. Garajean Audia eta lorategiko igerilekua betetzeko balio duena. Nekez ikusiko dugu azken hauen lana, ez honetan ez beste Zinemaldietan ere. Ikus-entzunezkoetan ere poesia edo pentsua egiten delako.

Amaitu da Zinemaldia, amaitu da uda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.