Amets Aranguren
Lauhazka

Anti anti-erlatibismoaz

2026ko urriaren 4a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Platerak, koilarak, sardexkak eta edalontziak non-nahi daude pilatuta eta zikin: sofa gainean zein lurrean barna sakabanatuta. Usaina ere ez zait bereziki atsegina. Itsaskor dagoen manteldun mahaiaren bueltan jarri gara hiru neska gazteak, eta segituan hasi naiz imajinatzen nola egonen den gure galtzen atzeko partea aulkietatik altxatzen garenean.

Etxean hartu gaituen gizona mintzo zaigu, baina ez da guri begira ari; antz handiegia dugu besteekin, kulturalki zein fisikoki txikitu zituzten inbaditzaileekin, haien etxe-multzoetara, erreserba izenekoetara apenas hurbiltzen den jendearekin: zuriak gara. Tematuta gaude gu hain besteak ez garela argi uzten, neurriz gaindiko enpatia-keinu saiakerak tarteko.

Mikmak-a da gizona eta komunitateko buruzagiaren eskutik etorri garelako gara pittin bat fidagarriago. Galderak guk egiten badizkiogu ere, gizonak buruzagiari erantzuten dizkio; eta hark, burua sotilki ezkerretara biratuz, guri begira birformulatzen ditu erantzunak. Zirkuluaren urrats guztiak dira hizkuntza berean: ingelesez.

Gizonak 70 bat urte izanen dituela ondorioztatu dugu; baten bat gutxiago agian, diren baino helduagoak ematen dute orain arte ezagutu ditugun komunitatekideek. Ulertu diogunez, 23 seme-alaba ditu: 50 urtetik gorakoa helduena eta 18 bete berri gazteena. Kalkulu azkar batzuk eginda enkajatzen digu, gutxi gorabehera. Sumatzen zaio sufrimendua azalean, gorpuzkeran, begiradan. Hamar urte eman zituen eskola erresidentzial izeneko horietako batean: jatorri frantses eta ingeleseko inbaditzaileek bertan egindako genozidioaren tresna nagusian. Eskola haietatik bizirik atera zirenetako bat da.

Traumaren ondorioz garatutako mesfidantza agerikoa den arren, behin baino gehiagotan galdetu digu, buruzagiaren ahotik, eroso gauden ala zerbait falta zaigun. Esker ona adierazita utzi dugu gizonaren etxea, galtzen atzeko partearen egoerak garrantzia erabat galduta. «Horretan ari zinen pentsatzen, benetan? Ergela», esan diot neure buruari.

Hiru edo lau etxe gorago dagoen beste batean dugu zain bikote heldu bat, harantz goaz. Buruzagia agurtu ondotik egin digu harrera emakumezkoak irribarre zabalaz. Etxe barrura sartu aurretik, hura inguratzen duten landare eta arbola guztiak erakutsi dizkigu, ezin atseginago; baita bakoitzak ematen duen fruitu, belar edo dena delakoaren azalpena eman ere. Sukaldeko mahaia beteta dago: zapore deskribaezinezko opiltxoak eta infusio andana, aurkeztu berri dizkigun belarrez eginak. Entzutera eta galdetzera gatoz etxe honetara ere, baina horretan hasi aurretik talka egin dit zerbaitek barruan: hemen ere gauzak ez daude beharko luketen lekuan, beharko luketen moduan.

Solasaldiko esaldi bat azpimarratu dut gure etxera heltzean: «Maitasunaren antonimoa ez da gorrotoa, beldurra baizik».

Uda hori pasa eta ia hamar urte beranduago heldu zen nire eskuetara Clifford Geertz antropologo estatubatuarraren 'Anti anti-relativism' testua. Ez zidan eman erantzun handirik, baina bai egoteko leku bat

Bart arratsaldekoa oraindik buruan, unibertsitatera bidean goaz. Asteazkenero bezala, 10:00etan egin dugu hitzordua uda honetarako gure irakasle ere baden mikmak-en buruzagiarekin. 13:00ak pasatxo direla sartu da irakaslea campusean, oso lasai, lasaiegi. Ez du abisurik pasa, ez du azalpenik eman, ez du barkamenik eskatu (!?!?!?). Heldu orduko aldatu du aurreikusia genuen plana eta hor barnean ditut bueltaka, baretu ezin, harridura, deserosotasuna eta haserrea.

Astea bukatzerako fuerteegi ari dira igurzten nire barruan erlatibismo kulturalaren aldeko apustu gogoa eta nire pentsamendu mendebaldarraren (eta baita beste -tar askoren) zimendu irmoki errotu eta absolutuak (errespetu objektiboa, sena...). Sokatiran ari dira, marra gorria honatago ala haratago finkatzeko borrokan. Dena ongiaren eta gaizkiaren artean ez sailkatzeko performancean ez naiz oraindik hain profesionala; eta bizitakoak kokatzeko etxetik nekarren informazioarekin ez dut aski: unibertsitateko hitzordu formal batera abisatu gabe hiru orduko berantaz eta barkamenik eskatu gabe heltzeak besteen (eta norbere) denboraren zein pertzepzio, balio eta ulerkera du atzean? Berekoikeriaz eta errespetu faltaz harago, bada azalpenik? Nola bizi daitezke elkarrengandik hain hurbil gehiegizko hospitalitatea eta utzikeria nabarmena? Higienearen mugekin jolasean ari diren sofako duela bost eguneko janari hondarren funtzioa zein da?

Ez nintzen ozenki eta hitzez galderarik egitera ausartu, baina mimak-en buruzagiak irakurri zuen nire gorputz hizkera: «Amets, egon zaitez lasai, platerek eta sardexkek ez dute deus sentitzen», esan zidan adeitsu.

Uda hori pasa eta ia hamar urte beranduago heldu zen nire eskuetara Clifford Geertz antropologo estatubatuarraren Anti anti-relativism testua. Ez zidan eman erantzun handirik, baina bai egoteko leku bat.

Maite dut zalantza eginarazten didan jendea aditzea. Bizi osorako hartu nahi nukeen konpromiso bakarrenetakoa da: egotearena beti mundua pixka bat gehiago ulertzeko prest, nire egia kokatua birkokatzeko prest, behar bezainbeste hitz letra etzanez idazteko prest.

(ID_17906767135995) (/EZEZAGUNA)
Mikmak komunitateko bi kide, 1873. urtean hartutako irudi batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA