Ismael Manterola
Begiz

Arte laborategiak

2026ko martxoaren 31
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko Zas kultur erakundeak eta Artium museoak Arabako artista gazteentzat egonaldi artistikoak egiteko deialdia egin dute. Parte hartu nahi duten artista hasiberriek hilabeteko soldata jasoko dute, produkzio gastuetarako dirua, eta museoaren azpiegitura erabiltzeko aukera izango dute. Horrekin batera, Zas elkarteko kideen laguntza jaso dezakete beren lana egiteko orduan. Beraz, artistek baliabide ekonomikoak eta artistikoak izango dituzte deialdiak irauten duen bitartean.

Formula asko gustatu zait zeren, artea bultzatzeko talde independente baten eta museo publiko baten arteko elkarlana sustatzeaz gainera, artista hasiberriei aukera handia ematen baitzaie hilabetean proiektu zehatz bat aurrera eramateko. Zas elkarteko kideen aholkularitzari museoak eman dezakeen ikusgarritasuna gehitu behar diogu; bultzada horrek garrantzia izan dezake gazteen ibilbidean. Horrelako ekimenak ez dira ohikoak izaten gure artean eta, horregatik, txalotzeko modukoa iruditu zait, nahiz eta deialdiaren arrakasta segurua ez izan.

Sarritan hitz egiten dugu artisten prekaritateari buruz; diru eta aukera faltak ohikoak dira azken garai honetan hainbeste aipatzen den «euskal arte sisteman». Nola antolatu beharko genuke sistema horrek artistari duintasunez bizitzeko aukera emateko edo bidean hainbeste «talentu» ez galtzeko? Ez dut uste inork formula magikorik daukanik, baina badakigu gaur egun dauzkagun egiteko erek ez dutela ondo funtzionatzen. Zasek eta Artiumek antolatutako deialdiak ez du Arabako artista hasiberrien bizitza salbatuko, baina proba interesgarria izan daiteke gauzak nola egin behar diren jakiteko. Hilabeteko egonaldia denez, erakundeentzat oso merkea da, eta urte osora luzatuz gero ere ez litzateke hain garestia izango. Beraz, kontuan izateko modukoa da herrialdeetan dauden museo guztiek horrelako zerbait antolatu nahi badute.

Are gehiago, iruditzen zait gizarte moduan serio proposatu beharko geniekeela geure buruei arte laborategiak sortzea ikerketa artistikoa bultzatzeko. Behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zergatik ez dauzkagun zientzietan hain ohikoak diren azpiegituren antzekoak arterako. Ondo iruditzen zait gure ezagupen zientifikoaz harro egotea eta hartarako dirua bideratzea; zergatik ez artearen ezagupenerako? Nik dakidala, gaur egun ez dago artea lantzeko ikerketa zentrorik; badugu unibertsitate mailako hezkuntza zentro bat, baina, ikerketa taldeak egon arren, ez daukate azpiegitura eta baliabide ekonomiko nahikorik punta-puntako ikerketa egin ahal izateko. Hain ezberdin ikusten al ditugu ezagupenaren esparruak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA