Gau Beltzaren atarian gaudela, Hegoaldean estreinatu berri da Fryderyk Franciszek izena zuen musikari poloniarrari eskainitako Chopin, Chopin! filma.
Boteprontoan, aitortuko dizuet, beldur gainez egin zidaten erraiek eta neuronek. Ez nintzen fio. Poloniakoa zen pelikula, eta ederki dakizuen bezala (ala ez) herrialde hartako heroi nazionala dugu Frédéric, Walesa bera eta Joan Paulo II.a Aita Santua bera bezain handia, edo handiagoa ere. Izan ere, Varsovia hiriburuan dauden bankuetan, botoi bat sakatuz gero, 30 segundoz entzungo duzu hark sorturiko polonesetako bat.
Nork bere aurrejuzguak. Imajinatzen nuen nik halako biografia hautsez betea, dentsoa, botaguraño erromantikoa, harri-kartoizko ekoizpen europar errespetagarri astuna…
Aurrejuzguak ezer ikusi, entzun, dastatu, erreparatu aurretik egiten diren iritziak direnez, atrebituak oso izan ohi dira. Faltsuak ere. Askotan, horren ozen aldarrikatu ditugu ze ezin atzerapausorik eman eta eutsi egin behar, nahiz eta gezurretan ari garela baieztatu gero.
Balent batzuok, ordea, gure erroreak aitortzen ditugu, eta gure kontzientziari deskantsua eman. Kasu honetan, kontent, askoz pena handiagoa bailitzateke Chopin, Chopin! sitsak jana pelikula aguantatu ezinezkoa suertatu izana; nahiago erraturik izan.
Zomorroek ez dute zanpatu, eskerrak, Michal Kwiecinskik zuzendutako Chopin, Chopin!. Hasiera-hasieratik da hori kontu garbia, nabarmen-nabarmena. Filmak hartzen dituen kolore lausoak, margulak, tonugabeak, laino estrainio batek abilduak ikusi orduko antzematen duzu hau ez dela izango harri eta momia bihurturiko musikazaleek gustuz komentatuko luketen proposamena.
Hain zuzen ere, musika klasikoari eskainitako hainbat eta hainbat irratsaio eta foro Eryk Kuln aktore bikainak ekoitziriko filmaren kontra agertu dira… sarri, sarriegi, gertatzen den moduan, ikusi ez badute ere. Haien esan lerdotuetan, nola daiteke Chopinen haurtzaroaz ez mintzatzea? Nolatan ez azpimarratu Malllorcako Valldemossa kartusian bizi izandako negu infernuzkoa? Zergatik entzuten da horren gutxi haren musika? Zer dela-eta ez da sakontzen George Sand idazlearekin izan zuen amodiozko istorio samin gozoa?

Musika klasikoari eskainitako hainbat eta hainbat irratsaio eta foro Eryk Kuln aktore bikainak ekoitziriko filmaren kontra agertu dira. Haien esan lerdotuetan, nola daiteke Chopinen haurtzaroaz ez mintzatzea?
Zozokeria horientzako erantzunik eleganteena hauxe: Hargatik. Because. Parce que. Ez baita tokatzen. Betikoa nahi izanez gero, jo betiko entziklopedia zaharkituetara edo entzun disko jogailuetako orratzek zulatutako diskoak.
Chopin, Chopin! bestelako zerbait da. Oso bestelakoa. Oso fisikoa eta erikorra. Birikak ditu zauriturik musikariak, odolezkoak dira haren karkaxak, herioa du bidelagun. Baina baita jendetzaren mira ere. Berak eta Lisztek ematen dituzten errezitaletara zale saldoak arrimatzen dira, Frantziako erregeak frantziar hiritar izendatzen du, frantziar hiritar bati dagozkion eskubide eta behar guztiekin… Kaleetan zehar miresleek txalo jotzen diete biei…
Arraroa da pelikula. Eryk Kulnen itxura bezain berezi, estrainio eta erakargarria. Argi dago filmean eta gorputz horretan, ospea, heriotza eta musikarako dohainak borrokan eta maitasun jokoetan dabiltzala.
Eta George Sand? Nik uste, ezin hobe islatzen da pantailan haien arteko harreman ezohikoa. Alde batetik, Chopinek esanda, ez zen bera amodioak erraz eta erruz zauritzen dituen horietakoa. Bestalde, tuberkulosiak aurrera egin ahala, galdu zituen bere sexu ahalmen ia guztiak. Logela baten ilunpean aitortzen dio George Sandi hori, eta honek honela erantzun: «Ez dut sarpena behar maitatua sentitu ahal izateko…».
Ulertzen dut denborak zimurtutako zaleen ezinegona. Are gehiago kontuan izanda pelikulan Chopinen musika entzuten ez denean, Robot Koch musikari Berlingoak sortzen dituen soinu elektroniko organikoak aditzen direla…
Aipatu dut hasieran hilbiziak laster izango ditugula gurean. Atari horretan oso egokia da pelikula hau. Zuetako hamaikak dakizuen bezala, bihotzik gabe eman zioten lurra Parisen Fryderyk Franciszen gorpuari. Orain arteko azalpena, zera: hain maitea zuen Polonia ezen bihotza han lurperatzeko eskatu baitzuen. Nik askoz gurago ditut pelikula honetan Chopinek xuxurlatutako azken hitzak: «Atera iezadazue bihotza eta Varsoviara eraman. Horrela ezingo naiz hilobitik altxatu…».
Ez esan Ana Moralesek berriki euskaratu duen Drakula-ren itzala ez duzuenik sumatzen esaldi horietan…