Koldo Almandoz.
Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. PLANO SUBJEKTIBOA

Batwoman Gloria Fuertes bihurtuta

2014ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zinemaldiko pelikularik ederrenetakoa ostegunean ikusi eta entzun ahal izan genuen, Zinemaldiko ohiko zirkuitua utzi eta KM kulturunera hurbildu ginen pribilegiatuok. Pelikula ez zegoen Zinemaldiko programan. KM-n antolatu duten Berrirakurtzen zikloaren atal berria zen. Aste honetan, Mursegori tokatzen zitzaion. Gloria Fuertesen Historia de Gloria: (amor, humor y desamor) liburua aitzakia hartuta, eta idazle madrildarrak ohi zuen moduan gorbata eta txalekoa jantzita, igo zen agertokira gure Batwoman partikularra.

Naive-a dirudien arren sakoneko karga handia duen Gloria Fuertesen poesia gidoi, Mursegok ikus-entzunezko emanaldi originala eta bakarra eskaini zuen. Batwoman, Gloria Fuertes bihurtuta, doinuz, geruzaz geruza, planoak balira bezala, sekuentzia ezberdinak proiektatu zizkigun: trikuak, ahateak eta putak, zientzia fizkizozko paisaiak, Espainiako gerran Madrileko setioan eroritako bonbak, jota kostunbristak, surrealismo pintzelkadak...

Magoek egiten duten moduan, Mursegok barruan dugun haur hori azaleratzeko gaitasuna du.Haurtzaroan, pelikulak ikusterakoan sentitzen ditugun muturreko sentipenak sentiarazteko gaitasun berezi hori. Mursegoren pelikulek, gainera, ezaugarri berezia izaten dute. Oilo ipurdia eragiten dizun emozio sakonetik barre algarara denbora tarte nimiƱoan eramaten zaituzte. Umeek negarretik barrera egiten duten bidaiaren abiadura berean.

Arkua barita gisa; txeloa edozein doinu ateratzeko txistera bihurtuta; modaz pasatako makina elektroniko merkeak; hipnotizatzeko gaitasuna duen ahotsa... Mursego magoak zinemaren hastapenetako barraka eta zirku proiekzio batera eramaten gaitu. Argi eta itzalekin gauzatzen zen magia hura doinuekin eta bere gorputzarekin egiten du M handiak. Pelikula baten making off-a ikusten ariko bagina bezala, bere ikus eta entzunezko trikimailuak agerian egiten ditu. Eta biluzik ikusten dugunean, magia, are liluragarriagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.