Amets Aznarez
Bi ahotsetara

Belaunaldi apropiazioa

2026ko ekainaren 14a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nago gustua izango dela gure lubaki bakarra, egun gustua ez baita barrutik modu espontaneoan jaiotzen zaigun hautu intimo bat, baizik mundu hiperkonektatu honetan geure burua babesteko eta nor garen erakusteko modua. Hortaz, digitalizazioak dena homogeneizatzen duen garaian, hainbeste aukera (eta tranpa) dagoenez, gure hautu kulturalak izango dira nor garen ez ahazteko eta gure izateari eusteko muga posibleenetariko bat.

Hala ere, azkenaldian gero eta performatiboagoak garela iruditzen zait. Bai, gustua beti izan da performatiboa, baina gaur egun inoiz baino itxurakeria gehiago sumatzen dut zer kultur adierazpen dugun gogoko esateko orduan. Izan ere, jendeak ez daki benetan zer gustatzen zaion, Spotifyko zein Tiktokeko algoritmoek aldez aurretik diseinatutako eta paketatutako joeren performatzaile hutsak bihurtu garelako. 

Politikari batzuen komunikazio taldeek argi dute politika egin daitekeela hortik ere, eta estetikoki errentagarriena edo zuzena dena esateko agintzen diete, leku eta publiko guztietara heltzeko helburuz: kantautore bat, talde moderno bat eta underground-agoa den bertako beste talderen bat. Pedro Sanchez da belaunaldi apropiazioaren teknika sutsuki erabiltzen duen haietako bat. Aurreko astean, aita santua agurtzen egon zen Madrilen goizean, eta Bartzelonako Primavera Sound jaialdian gauean, Gorillaz taldearen kontzertua ikusten, Damon Albarnekin argazkiak eginez eta Amaia abeslariarekin backstage-an solasean. Irudi eta bideoak azkar zabaldu zituzten. Belaunaldi apropiazioa deitu dakioke estrategia horri; hau da, botere posizioan dauden pertsonek, erakundeek edo markek (normalean adinez zaharragoak direnak) belaunaldi gazteago baten kode kulturalak, estetika, hizkera, joerak eta erreferenteak bereganatzean edo mimetizatzean datza.

Ez da kasu isolatua, 2023ko hauteskunde kanpainan Sanchezek La Pija y la Quinqui podcastean parte hartu zuen Taylor Swiftez eta gazteen erreferente kulturalei buruz hitz egiteko eta gazteen kodeak noraino ulertzen dituen erakusteko.

Kasu bakoitzaren mezu inplizitua bera da: zu bezalakoa naiz, zuk entzuten duzuna entzuten dut, zure espazio kulturaletan bizi naiz.

Euskal Herriko politikagintzan sakontzen hasi naizenean eta elkarrizketak ikustean, ez dut horren parekorik aurkitu, EH Bilduk Zeid Fest jaialdian ateratako argazkiez eta ETSren kontzertuko prestaketaren Pradalesen bideoaz gain. Zergatik den jakin nahiko nuke. Hipotesirik? Gustura irakurriko ditut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE