Iñaki Murua.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala. IRITZIA

Bertsoaren zortzikoa

2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bertsozale Elkarteko lehendakaria

Tokitan dago irailaren 23a; ez du euririk eta elurrik egin geroztik!!! Lan asko egin dugu bide luze hau motz gerta zekigun; helburua zailduz, gainera. Izan ere, bazegoen aukera plaza ziurtatu eta betekada erraztuz saioak egiteko, baina gure asmoa zen bertsoek euskararen lurraren luzezabalean, denean, oihartzuna izatea. Merezi zuen proposamenak eta apustuak, bere horretan, baina, gainera, ongi irten du, borobil, tokian tokiko bertso eskolen eta erakundeen laguntza eta lankidetzarekin!

Saioetan izan ziren aldeak, Mauleko saioa izan zen berotzea gehien kosta zenetako bat, eta kantuan aritu zirenentzako zailtasun erantsia bakarkakoetan; kontzentrazioa gehien behar den unean, zaparradek, kutsadura akustiko moduko hark, dena aldapa gora jarri zigun, gaia entzuteko eta lana atseginez egiteko ere. Baina Leitza, Zumaia, Irun, Durango... Jario errazeko uneak eta distiratsuak izan zituzten bertsolariek. Entzuteko saio atseginak eta kantuan asmatutako sentsazioa zaleonganaino helarazi zuten kantu kide batzuek.

Horrez gain, lehen fasean ahoz aho ibili genuen emakumezkoen arrakasta eta finalean beren presentzia bermatzeko aukera. Hurrengo fasean, baina, gaiek tuerka buelta bat gehiago zutelako edo presioak erasan zituelako;batzuen irristadak eta odol husteak nahiz besteen ondo aritu bai baina ez finaleko langa gainditzeko beste... lehengoan gelditu gara azkenean. Oraingoz.

Aspaldiko partez, gaiekin ez dut sumatu —ohiko gorabeherez aparte—, egonezin nabarmenegirik; eta epaiekin ere ez, horrela esaterik badago behintzat. Egia da beti izaten direla eroriko mingarriagoak, gustu kontua edo suerte txarra... merezi zian ba... nahi ninan ba huraxe pasa zedin... baina, ametsak amets dira eta egitea libre!

Iruditu zait, hala ikusi nahi nituelako agian,zaleak gero eta gusturago, bertsoa gogotik biziz, mundu horretan murgildurik eta dena emateko prest. Saioetan presente geundenak ez ezik, telebista, irratia, bertsoa.eus, Internet... denak sortu/lortu du girotze aparta. Plazak bete dira eta, etxetik ere, sekula ez bezala jarraitu dute zaletu askok aurtengo Txapelketa. Aurrekoetan sarrerarik gabe geratzen ziren nire adineko edo hortik gorakoek harritu naute gehien, gainera, etxetik eroso eta zuzenean inolako eragozpenik gabe saioak ikus-entzunez ederki gozatu dutela jabetu bainaiz!

Eta aipatu hedabideekin batera, Aulki Jokoa telebista saioak ekarri duen haize fresko berritua ere erantsi behar zaio... betikoa balekoa izan arren, balio erantsiak kostuak ahazteko balio dezakeela erakutsi digu; formula irudimentsu eta bustitzeko gogoa eta gaitasuna azaldu duten partaideekin. Jarraipen zabala izan du orain artekoak, eta, finaleko sarrerak hiru astean salduta, esaerak dioen bezala, «ez dago astoa lokatzetan!»

BECen,Barakaldon, du honek guztiak gaina, ezina ekinez egina. Denonartean egiten dugun festa hau goza dezagun lepo! Eta zuek,bertsolariok, dakizuena egiten asmatu eta, asmatutakoan elikatuz, egindakoarekin gustura geratzeko zoria izan.

Euskara lehenbizi, sormena ihizi, bertsoa gutizi, goza eta bizi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.