begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Betiko harri bihurtuko da

2025eko azaroaren 7a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sunbillakoa da Ekaitz Bertiz. Sunbillakoa, bai. Malerreka ibarrekoa. Nafarroa Garaiko iparraldekoa. Baztan eskualdekoa. Mendaur mendia etxetik hurbil du. Bidasoa ibaia ez hain urrun. Espainiak eta Frantziak ezarritako muga erraz pasatu izan dute betidanik bere herrikideek, basoak, kobak eta gurutze bideak ederki ezagutzen baitituzte.

Polita da Ekaitz bezalako baztandarrek erabili euskara. Berezia. Espeziala. Horrenbeste, ze Maite Lakar Iraitzozek Baztango mintzoa erabiltzeko gida zoragarria kaleratu baitzuen egun batean. Harrigarriak eta Elizondoko txokolatea bezain dastatzeko modukoak egingo zaizkizue bertan agertzen diren aferesiak, sinkopak edo genitiboaren erabileraren berri ematen duten adibideak. Ikasiko duzue bertakoentzat geroaldia beti -tiko eran etortzen dela. Ez da pasako, baizik pasatiko. Ez duzu ezer harrapatuko, baizik harrapatiko. Ekartzen ditu Maitek paperera testu eder askoak etsenplu: «Almandozen ba... bada ermite bat, bada oñiken ermite xar bat. Eta... aurrek, aurrei erten tzakuten aurrek andik kartzen tzirela. Ba, bueno, aurrei aundiek erten tzakuten aurrei Santa Barbaratik kartzen tzirela aurrek eta Santa Barbaratik, an eztakit nun egoten tzirela, oi eztakit, eta, emaiñe zenak kartzen tzituela mandarran artute».

Zergatik ari natzaizue Baztango zein Nafarroako euskararekin tentatzen? Baztango hizkeraz mintzatua baita euskal zinemagileen lanak munduko lau bazterretara zabaltzen dituen Kimuak izeneko ekimenaren katalogoan aukeratua dagoen Ekaitz Bertizen Erreka zoko hortan izenburuko film laburra, asteartean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian estreinatu zena.

Mimoz, kariñoz, serio demonio ere arduratu da Ekaitz kontakizunak eskatzen zuen euskararen egiantzaz. Hitz egiten du berak Baztango mintzoz. Baita amak ere. Amak pasatu zion Kataluniako ESCAC Zinema Eskolan ikasitakoa den semeari Baztango emakume kontrabandisten inguruan sakon eta kurios jarduten zuen liburua. Baztandar guztiek nola, 2023an Hitza eman nion laburra burutu zuen zuzendari honek bazuen, jakina, kontrabandoaren berri. Baina sekula aditu ez emakumeak ere afera horretan zebiltzanik.

Ikasi bezain pronto, gustu handiz eta eroso zapaldu ohi duen fantasiazko generoan leku izango zuen istorio bat asmatzeari ekin zion. Ekin eta egin, Baztango mintzoari eta kontrabandistek berezkoak zituzten ofizio arriskutsu horren hitzei arreta handiz erreparatuz.

Ekaitz Bertizen laugarren labur honek, zeina bere graduko lana baita, agerian uzten du zelako ardura polita hartzen ari den euskal zinema euskararekiko

Zertaz ote den Erreka zoko hortan? Hona hemen argudioaren haria: Aita ohean gaixorik dagoela eta, Joxepik, Iparragirre baserriko alaba zaharrenak, bere gain hartu beharko du haren egitekoa: kontrabandoan pakete astun bat garraiatzea Frantziako mugaren beste aldera. Gau beltzean, karabineroak ez dira basoak ezkutatzen duen arriskurik beldurgarriena.

Kondairak, ederki dakizue zuek hori, hor daude. Gaueko izakiak existitzen ez direla sinets dezakezue, baina ez esan, badaezpada ere, existitzen ez direnik. Ez ahaztu ere Ekaitzen laburra, pantaila oraindik beltz dagoela, irekitzen duen esaldia: «Erraten da lami bat ikusi eta herriyin kontatzen duena betiko harri bihurtuko dela».

Ekaitz Bertizen laugarren labur honek, zeina bere graduko lana baita, agerian uzten du zelako ardura polita hartzen ari den euskal zinema euskararekiko. Ohartu da ikusleak erakartzeko, misterioan murgilarazteko, sorgintzeko, ikusten, entzuten ari den horretatik ez aldentzeko tresna ikaragarri ona dela.

Hausnarketa bera egin izan dizuet Alberto Vazquezen Dekoratua-z eta Paul Urkijoren Gaua-z. Ederra da egoera: euskara bihurtu da euskal zinemaren arrakastaren eragile eta kalitatearen bermatzaile.

(ID_17623524959495) \'ERREKA ZOKO HORTAN\'
Ekaitz Bertiz zinemagilearen Erreka zoko hortan film laburraren irudi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.