Literatura. Hirudia

Biziaren alde

2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko nire artikuluari erantzuteko Idurre Alonsok idatzitako ihardespena irakurri ostean garbi geratu zitzaidan ez zuela ia ezer ulertu. «Probokatzaile» izateko gogoa azaldu zuen, baina ez zuen horretarako gai egokiena aukeratu, jende gehiegiren sufrimendua dagoelako jokoan.

Hasteko esan behar diot ez dudala euskal gatazkaren auzi honetan objektibotasuna eta ekidistantzia bilatzen jolas intelektual bat bezala, baizik eta alde orotako biktima guztiek beti sortu didaten samintasunagatik. Biktimek eta beren ahaideek jasan duten sufrimendua ikusita denek merezi dute errespetu berbera, baina orain dela mende heren bat biktima guztiez errukitu eta nire liburuetan eta artikuluetan hori islatzen hasi nintzenean, ez nuen euskal literaturan (ezta gizartearen parte handi batean ere) ETAk eragindako biktimekiko erruki gehiegirik sumatzen, «ez zegoen modan», estatu espainiarrak eragindako biktimekiko samintze orokor bat sumatzen zen bitartean. Euskal literaturan asko idatzi da euskal gatazkaz baina oso gutxi ETAk eragindako biktimen ikuspegitik.

Idurre Alonsok esaten du «hilketa» eta «sarraski» hitzen nire erabileran jarrera ideologiko bat aurkitzen duela, baina ez gara ideiez ari, hildakoez baizik, eta errealitate ikaragarri horretaz ari garenean jarrera ideologikoei buruzko xehetasuntxoak bilatzen ibiltzea biktimekiko sentiberatasun falta handia da, eta fribolitate hutsa.

Gainera, gezurra da «hilketa» eta «sarraski» hitzen nire erabileratik ezein ondorio ideologiko atera daitekeenik. Hori uste du Idurre Alonsok «sarraski» hitzaren esanahi osoa ongi ez ezagutzeagatik. Ibon Sarasolaren Hauta-lanerako hiztegia hartzen badugu, adibidez, ideologiarik gabeko hitz horien esanahi objektiboa irakurriko dugu, hots, euskaraz ondo dakien edozeinek ulertu ohi duen gauza bera, hau da, hilketa «norbaitek norbait hiltzea» dela, eta sarraskia «gizaki askori bizia kentzea». Beraz, hilketa pluralerako berba berezia da «sarraski» hitza, eta Idurre Alonsok hori ez jakiteagatik ondorio ideologiko okerrak ateratzen ditu. ETAk jendea banaka hiltzen zuenean hilketak egiten zituen, eta jende asko zegoen leku batean lehergailu itzel bat ipinita sarraskiak eragiten zituen. Bi ekintza mota ezberdin ziren. ETAk batzuetan hilketa indibidualak egiten zituen eta beste batzuetan sarraskiak. Polizia espainiarrak, ordea, ez zuen planifikatzen horrelako hilketa pluralik. Normalean jendea banaka edo binaka hiltzen zituen, baina ez hogeinaka. Eta modu asko zituen, bai, baina horien artean ez zegoen sarraski planifikaturik. Hori ETAren jokatzeko moduetako bat zen. Sarraskiak izan ziren, adibidez, 1987an ETAk Bartzelonako Hipercor supermerkatuan 21 pertsona hiltzea eta 45 zauritzea (66 biktima ekintza bakar batean, beraz), edo 1991an Viceko guardia zibilaren kaserna-etxean 10 pertsona hiltzea (zeintzuetatik bost umeak baitziren) eta 44 zauritzea (54 biktima ekintza bakar batean). Gehiago ere egon ziren. Beraz, ETAk nire ikasle bat nola hil zuen (polizia espainiar baten alaba zen eta benetan gertatu zen, zoritxarrez) narratu nuenean ETAren hilketa bati buruz idatzi nuen. ETAk kaserna-etxe batean gizon, emakume eta ume mordoa nola hil zituen narratu nuenean, ETAren sarraski bati buruz idatzi nuen. Eta hor ez dago hitzen erabilera ideologikorik, inondik ere. Poliziak preso bat torturatuz nola hil zuen narratu nuenean, hilketa bat kontatu nuen. Yoyes bere semetxoaren aurrean bere borroka kide ohiek nola hil zuten kontatu nuenean, hilketa bat narratu nuen. Eta abar eta abar.

Nire hitzen erabileratik ateratzen dena ez da jarrera ideologikoa, jarrera humanitarioa baizik. Ni hilketa eta sarraski guztien kontra nago eta biziaren alde. Gai hauek guztiak literatura unibertsalean askotan agertu dira. Euskal literaturak eta literatura unibertsalak ez dute elkar ukatzen, Idurre Alonsok izan ezik jende guztiak dakien bezala. Tokian tokiko literatura orok osatzen dute literatura unibertsala. Euskal gatazkaz gehiago idatzi behar genuke denon artean. Ikuspegi osoa ez da lortuko pertsona banaka batzuen testigantzarekin, idazle anitz behar dira horretarako, horrela lortuko dugu alde guztietako biktima orok merezi duten errespetua memoriaren bidez duintzea, baina euskal literaturak oso gutxi idatzi du ETAk eragindako biktimez eta horretaz ez dago tontakeria ideologiko askorik esaterik. Amaitzeko, besarkada handi bat euskal gatazkagatik asko sufritu duten guztiei, bereziki beren ahaide maiteak galdu dituztenei. Eta duintasunezko oroitzapena hildakoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.