Ismael Manterola
Begiz

Bonnat museoa zabalik

2026ko irailaren 22a
04:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azkenean! Ia 15 urte itxita egon ondoren berriz zabaldu dute Baionako Bonnat-Helleu museoa. Leon Bonnat artista baionarrak bere herriko etxeari utzi zion urteetan pilatutako arte bilduma; horren ondorioz, ordura arte bilduma pribatua izan zena publikoa bilakatu zen. 

Onartu behar dut asko gustatzen zitzaidala Baionako museoa, batez ere ezberdina zelako eta bilduma oso berezia zeukalako. Gero eta gehiago gozatzen ditut arte museo guztietan ikus daitezkeen bildumen ibilbidetik urruntzen direnak. Hain zuzen, artista baten bilduman oinarrituta dagoelako, eta haren gustuen eta garaiaren isla delako, museo berezia eta bakarra zen Baionakoa.

Horregatik, beldur pixka batekin zeharkatu nuen birmoldatutako atari nagusia. Orduan konturatu nintzen garai bateko museo txikia gaur egungo museo handi eta indartsu bihurtu dela, hurbiltasuna galdu gabe. Euskaraz hartu izanak ere garrantzia izan zuen gustura sentitzeko. Berehala topatu nuen lehengo sarreran bisitariari ongietorria ematen zion Bonnat maisua, eta ikasleak irudikatzen dituen Achille Zok pintatutako triptikoa. Hortik aurrera berritutako museoak liluratuta utzi ninduen, bai bertan ikusitako artelanengatik, bai antolatutako ibilbideengatik eta erakusketen diskurtsoagatik.

Lehen ere maila handiko bilduma bazuen ere, orain artelanak erakusteko toki zabalagoa dagoela onartu behar da, eta, horrekin batera, erakusteko modu garaikideak erabili dira bilduma antolatzeko. Hainbat aretoren izenburuekin edo ideiekin ados egon edo ez, ikusleari arteaz gozatzeko aukera ematen zaio; Bonnatek utzitako bildumaren mailari esker, noski, baina baita gaur egungo museografiaren irizpideak erabili direlako bildumaren interpretazioa egiteko orduan. Beharbada, Bonnat berari eskainitako atala izan daiteke gutxien gustatu zitzaidana, pintore akademikoen lana azaltzea zaila delako, seguruenik.

Azkenik, ezin da galdu Louvre museoarekin batera mitologiari buruz antolatu den lehendabiziko behin-behineko erakusketa. Toki aldetik ito xamarra geratu bada ere, bertan erakutsitako artelanak ikusteko aukera gutxi ditugu Euskal Herrian, mailako testuinguruan azalduta gainera. Bertakoari emandako tartea ez zen batere ohikoa izaten Frantzia jakobinoan.  Artelanen txartelak eta aretoetako testu guztiak bi hizkuntzetan egoteak, bai behin betiko erakusketan, bai behin-behinekoan, maila goi xamar utzi dio urrian zabaltzekoak diren Bilboko Arte Ederren Museoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA