Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Daba-dependentzia

2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Lagun batek esaten du Donostia pikutara joan zela Parte Zaharreko Narrika taberna itxi zuten egunean. Ironikoa da. Urte horretan, 2016an, Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen, Wroclaw-rekin batera. Suposatzen da mugarri bat izan zela, eta etorkizunean balio handiagoa emango geniola proiektuari. Zazpi urte pasatu dira, eta hiritarren garaiera handiko energia-olatuak, diziplina anitzeko programazio zabala abian jarri zutenak, itsasertzera iritsi eta baretu dira. Inaugurazioaren porrota gogoratu besterik ez dago.

Musika eskaintzari dagokionez, bat egiten dut nire lagunarekin. Aparra bezala igo eta jaitsi egin da zuzeneko eskaintza Donostian. Orain bospasei urte overbooking-a zegoen. Asteburuak sudoku konplexuak ziren, eta erabaki mingarriak hartu behar ziren. Egia auzoa, adibidez, pil-pilean zegoen: Dabadaba, Le Bukowski, Tabakalera eta kultur etxean solapatu egiten ziren kontzertuak. Hiri zentroan ateak ireki zituen La Criptak. Musikak bere horretan eutsi zion Donostiako eta inguruetako hainbat areto publiko, pribatu eta gune autogestionatuetan.

Pandemiaren ondorioak latzak izan dira musikaren sektorearen eremuan, hori ere egia da. Festibalak perretxikoak bezala ugaldu dira, bai Euskal Herrian bai Espainian, eta betiko aretoak jokoz kanpo geratu dira. Oro har, zahartu dira gaztetxeetako belaunaldiak, eta ez dira gai musika programazio iraunkor, aberats eta zabala eskaintzeko. Kalitatea eta kantitatea jaitsi egin dira. Nire kasuan, behintzat, Dabadaba/Altxerri binomioa da zutik geratu den totem bakarra. Kursaal eta Viktoria Eugenian kontzertu interesgarriak eskaini ohi dituzte, baina, ahal bada, musikaz gozatu nahiko nuke nire bizitza hipotekatu gabe. Dabadaba desagertuko balitz, katastrofikoa izango litzateke guztiz. Andeen eta Ozeano Barearen artean zabaltzen den Atacamako basamortua bihurtuko zen Donostia. Futbolean bezala, jokalari onena joan, eta inork ezin bete zuloa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.