Haizea Barcenilla
Begiz

Diferituan bizitzea

2026ko irailaren 29a
04:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japonian lanean nagoenez, tenplu bateko udazkeneko ekinokzioaren inguruko ospakizun batera hurbildu nintzen aurrekoan. Ez nintzen plan hura egiten bakarra: tenplu txiki samarra zen, eta, iritsi nintzenerako, jendez gainezka zegoen; anitz turistak, ni bezala. Gelditu ala ez erabakitzen ari nintzela, ospakizun erlijiosoa hasi zen eta jendetzan trabatuta geratu nintzen, ateratzen saiatuz gero errituala betetzen ari zirenak gogaituko nituelako.

Bestelako zuzeneko ekitaldietan jada bizi izan dudan zerbait gertatu zitzaidan orduan: ilara batzuk aurrerago zeudenak, horietako asko mendebaldeko gizon oso altuak, mugikorra atera eta ospakizuna grabatzen hasi ziren. Ospakizun oso-osoa, hasieratik amaierara arte. Iraun zuen hogei minutuak grabatu zituen batek jarraian; beste askok, bi-hiru minutuko klipetan. Ondo dakit, beraien sakelakoen kameratik ikusi bainuen nik ospakizuna, euren buruek, besoek eta pantailek ez zidatelako uzten zer gertatzen ari zen zuzenean ikusten.

Hainbat ideia etorri zitzaizkidan burura. Lehena: turistentzat exotikoa izango da ospakizuna, baina tenplu horretan zegoen jende japoniar askorentzat zentzu erlijioso bat zuen. Egokia da jende horren guztiaren aurrean jarri eta beraien esperientziari kalte egitea? Egokia da zentzu izpirituala duen erritu bat aisialdiko emankizun bat bezala tratatzea, pantailen horma baten bidez zuzeneko harremana eragotziz?

Bigarrena: zertarako? Nire perspektibaren erdi-erdian zegoen 1,90 metroko gizon horrek bideoaren hogei minutu osoak ikusiko al ditu inoiz? Agian zatitxoren bat lagunen bati erakutsiko dio, agian editatuko du teknologiarekin moldatzen bada, baina ez dut uste kalitate handiko bideoa izango denik. Besteon bizipena erabat baldintzatu zuen, baina zertarako?

Ziur aski, askok sareetara igoko dituzte bideoak, eta hor sortzen da hirugarren gogoeta: pertsona horiek noiz gozatzen dute ospakizunaren esperientzia, bertan daudela edo gero, sareetan zintzilikatu eta erantzunak iristen hasten direnean? Nik diferituan ikusi nuen erritua, euren mugikorren pantailatik, baina baita haiek ere: kamerari begira zeuden, ez aretoari. Uler dezaket argazkiren bat egitea, bideo txikiren bat hartzea. Aitzitik, ospakizun ia osoa sakelakoa bitartekari dela bizitzea, ez da ospakizuna bizitzea.

Zuzenekoaren esperientzia zeharo aldatu da mugikorrak daudenetik, eta ez hobera. Orain dela gutxi norbaiti irakurri nion denok ulertzen badugu sasoian egoteko kirola egin behar dela, eta ez kirol bideoak ikusi, ulertu behar dugula pentsatzen jarraitzeko pentsatu behar dugula, eta ez AAri guztia galdetu. Bada, zuzeneko emanaldiak preziatzen jarraitu nahi badugu, hobe dugu horiek zuzenean bizitzea, eta ez pantailen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA