«Rock musikan, gauzak zirraragarri jartzen direnean, gitarrak gyiiiiarrrshhh!!! moduko zerbait egiten du, ezta? Jimi Hendrix benetan zaratatsua denean bezala. Gaztetan une horrek betirako iraun zezan nahi nuen. Uste dut oraindik horretan dihardudala». Hijokaidan noise taldeko Yoshiyuki Hiroshigerena da aipua, baina sentsazio hori gorde nahi nuke nik ere. Musikaz solfeorik jakin gabe idaztea zentzugabekeria hutsa zela irakurri nion behin zutabegile bati. Ez dut uste Hiroshige ados legokeenik. Ni ere ez.
Ondo idazteko estudiatu beharra dago, testuak aztertu, piezak lotzen trebatu. Berdin film bat egiteko, bertso on bat osatzeko, aise dantzatzeko. Baina uste dut batzuetan egokia dela espazio batzuk misterioari uztea, ez saiatzea dena zatikatu eta laborategira eramaten. Ni musikarekin hori egiten saiatzen naiz, hein batean.
Orain gutxi, erreka bazterrean pasieran nenbilela, bestaldeko etxeko hormako irudi sigi-sagatsu batzuek arreta eman zidaten, ergel baten pare begira geratzeraino. Hasieran gas isuri baten eraginez sortuak zirela pentsatu nuen, baina segituan jabetu nintzen efektu hipnotiko haren jatorriaz. Oinarrizko fisika: bare zetorren errekako uhinen artean interferentziak sortu ziren, eta eguzkiaren argiak marraztu zituen zera distiratsu horiek paretan, uretan islatu eta forma horiek hormarantz bideratzean. Sinplea, beraz: uhinak, interferentziak, islapena. Akabo magia.
Elkarrizketa batean Harkaitz Canok esan zuen, telesailez ari zela, gaur egungo streaming etengabean kritikarik ez badago gauzak azkarregi doazela. Jarioa moteltzeko balio duela kritikak, beharbada. Ez dakit hemen idatzi ditudan testuak kritika diren, baina saiatu naiz lasterrean erretenak eraikitzen, isuriaren zirriborro bat marrazten. Tarteka, bederen.
Nireak, honaino. Datorren ikasturtean besteren bat etorriko da paraje hauek zaintzera. Aurrerantzean irudikatu nazazue ur bizien hotsak —fshhhhhhhhhh!!!— aditzen, dena atzean utzi eta putzura buruz jauzi egiten edo, aski bertsio errealistagoan, erreka bazterrean, oinak korrontearen meneko, liburu bat eskuan. Plazer bat izan da.