Susana Talayero artistak Erromako esperientzia ekarri du Bilboko Bulegoa z/b-ren egoitzara. 60ko hamarkadatik gaur egunera arte emakumezko artistek antolatutako erakusketen ikerketa bultzatzea da Material Voices izeneko programaren helburua. Testuinguru horretan aurkeztu du Susana Talayerok Un fondo blanco que nunca estuvo limpio (Inoiz garbi egon ez zen hondo zuria) izenburua daraman erakusketa.
Programaren asmoa ez da hainbeste ohiko erakusketa bat antolatzea, baizik eta artistak izandako esperientziaren gogoeta eta memoria berreskuratzea. Hain zuzen, Bulegoko arduradunek Erroman bizi izandako urteen oroitzapen modukoa erakusteko eskatu diote Talayerori. Badirudi horretarako artxiboaren formatua proposatu ziotela, baina artistak, ohikoa duen hausnarketa berezia egin duela eskatzaileen proposamenaren aurrean. Beraz, Bulegoko espazioan ikus dezakegunak ondo baino hobeto adierazten ditu artistak Erroman bizitako urteak eta, aldi berean, hiri horrek bere arte praktikan eta bizitzan izan duen eragina eta garrantzia. Horretarako, erakusketa aretoan bi koadro handi besterik ez ditugu ikusiko, Talayerok Erroman izandako bi lantokitan pintatutakoak. 80ko hamarkadan hirira iritsi berritan izandako lehendabiziko lantokian egindakoa da bata, eta, bestea, 90eko hamarkadan erabilitako tailerrean sortutakoa. Horrekin batera, lokaleko leihoak estaltzen dituzten marrazkiak jarri ditu, kanpotik eta barrutik aldi berean ikus daitezkeen marrazki sinple bezain indartsuak. Azkenik, guztiari batasuna eta zentzua ematen dion bideolana proiektatu du horma zuri batean. Argazkien bitartez osatutako bideo bat da, eta bertan artistak Erroman egindako eta bizitzari lotutako bi ekintza performatibo azaltzen zaizkigu. Hasierako garaikoa da bata, eta argazkiak ateratzeko lantokitik Trastevereko plaza batera ateratako koadroen desfile moduko bat erakusten du. Eta, urte asko pasatu ondoren, Bulegoko arduradunetako batek proposatutako ekintza bat da bestea, 2024koa.
Hiria bereganatzeko bi modu horiek —hau da, hiriak norbaitengan utzitako aztarna edo eragina; eta artistak berak ekintza xume batzuen bidez hirian aztarna uzteko gogoa —, Susana Talayeroren ibilbideari buruz hitz egiten digute. Erroma ezinbestekoa izan da bere bizitzan eta bere pintura praktikan. Hiri eternoa da Erroma, eta denborari buruz hitz egiten digu, betikoaz eta berriaz, iraganeko pisuaren zama gainetik kentzeko egin behar dugun ahaleginaz eta aldi berean agorrezina den inspirazio iturri den horretaz.
Erakusketaren bidez postalen eta arte historiako irudien azpian edo atzean dagoen Erroma ezagutzeko aukera ematen digu artistak; garai batean underground izan zen hiri zikin bezain distiratsua, aktibismo politiko sakoneko hiria. Memoria ariketa pertsonalak hiriaren memoriarekin bat egiten du.