1977. urtean Marguerite Duras idazle eta zinema zuzendariak Le Camion pelikula egin zuen. Haren literatur emariagatik izan da ezaguna batez ere Duras, berrogeita hamar eleberri baino gehiago argitaratu zituelarik; alabaina, zinemaren alorrean hemeretzi film sortu zituen —zinemagile ospetsu askoren uzta baino zinez handiagoa—. Alain Resnaisen Hiroshima mon amour (1959) filmeko gidoiaren moldaketarekin hasi zen zinemarekiko haren interesa, eta, hortik aurrera, literaturarekin paraleloan, besteak beste, La Musica (1967), Jaune le soleil (1972), India Song (1975), Le Camion (1977) edota Les Enfants (1985) pelikulak garatu zituen.
Durasen filmak baliabide gutxirekin egindako piezak dira. Akaso, nahiago zuelako askatasun osoz sortzea eta ez ekoizpen handiek ekar zitzaketen murrizketa eta baldintzapenekin. Edo, akaso, haren filmek bestelako maila batean jokatzen zutelako euren estatusa, ez zinema industriaren joko arauetan, ezta autore-zinemaren esparru maskulinizatuan ere. Haren obra zinematografikoa beste nonbaiten kokatzen da, literaturaren eta zinemaren ertzetan, hala nola irudiaren eta testuaren artean sortzen den distantzia materiko horretan ere.
Le Camion balizko film bati buruzko filma da; garaiko kritikari askok ikusi zuen Durasen lan honetan zinemaren kontrako nolabaiteko jarrera bat, desafio moduko bat. Cannesen estreinatu zen, eta jakina da jende andana atera zela aretotik biraoka, sakrilegiotzat hartuz pelikularen proposamen ezohikoa. Nik kontrako ustea dut, hain zuzen ere, zinemak enuntziatu ahal dituela oraindik etorri —edo agertu— gabeko irudiak eta, akaso, hori behar lukeela, zergatik ez. Le Camion-ek leku garrantzitsua izan lezake zinema espekulatiboaren balizko genealogia batean, halakorik balego.
'Le Camion' balizko film bati buruzko filma da; garaiko kritikari askok ikusi zuen Durasen lan honetan zinemaren kontrako nolabaiteko jarrera bat, desafio moduko bat
Lehen sekuentzian ageri da filmaren protagonista: kamioi bat, Frantziako hirigune batean dagoen kamioi urdin bat. Berehalakoan hartuko du kamioiak entitate afektibo bat, ez baita edonolako trastea; bere barnean garraiatuko ditu emakume bat eta gizon bat, eta horiekin batera hamaika espekulazio: iraultza batena, maitasun potentzial batena. Ez dago esperantza gehiegirik film honetan, baina bai izan zitekeenaren potentzia, eta ez dakizkigun arrazoiengatik zapuztu diren aukerena. Halere, itsasoa dago beti esperoan, ikusten ez dugun arren, beti dago itsasoaren esperantza emakumearen hitzetan.
Durasek izan litekeen filmaren gidoia irakurtzen du, eta ondoan dauka, entzuleago eta pasiboago, Gerard Depardieu aktore gaztea —duela gutxi hainbat emakumeren kontrako sexu-jazarpenagatik kondenatua—. Durasen hitzak abiatzen dira kamioiaren irudiekin batera: «Itsaso ondoko bide bat izango zatekeen. Lautada zabal eta antzu bat zeharkatuko zukeen». Depardieuk galdetzen du orduan: «Film bat da?». Durasek erantzuten du: «Film bat izango zatekeen».
Durasen aditzek ez gaituzte denbora bakar batera eramaten, eta, horregatik-edo, balizkotasun elastiko batean zehar abiatuko da narrazioa, ondoegi jakin gabe esaten ari dena irudi konkretu bat den, iraganari dagokiona —inoiz gertatu zen zerbait, eta, hortaz, etorkizuneko irudi baten promesa— edota aztertzen ari den posible litzatekeen irudi bat, ikuslearen irudimenean agertzen diren irudien kateatze bat, esperantzarekin jolasean eta, aldi berean, frustrazioaren gozamenean.
Izango litzatekeenaren, izango zatekeenaren eta izan zitekeenaren arteko eremu horretan geratzen da ikuslea. Misterio bat. Eta, aldi berean, ezin ahaztu 68ko Maiatzaren porrotaren osteko sasoian kokatzen dela lan hau, eta hargatik testuan entzuten dugun aditz denbora iraganeko ia bakarra honako esaldi honetan agertzen dela: «Karl Marx, c’est fini» (Karl Marx, amaitu da).

Horren guztiaren erdian agertzen da maitasuna film honetan. Maitasun potentzial bat, emakumearen hitzetan izendatua dena, inoiz ez gizonezkoarenetan. Badu maitasun horrek alde sakrifizial bat, ez errenuntziazkoa —hori beste zerbait da—, baizik eta balizko maitasun baten alde zerbait arriskatzeko eta galtzeko prest dagoen emakume batena, egunero kamioi baten esperoan dagoen emakume batena, egunero jasotzen duen gidariari istorio potentzial bera errepikatzen diona; izan zitekeen maitasun bat, eta zergatik ez, alegiazko irudi horietan, etortzear dauden irudi horietan baino bizi ez duen maitasun batena.
«Maitasunari buruzko film bat da?». Durasek erantzungo du: «Bai. Denari buruzkoa. Denari buruzko film bat izango zatekeen. Denari buruzkoa aldi berean. Maitasunari buruzkoa».
'Le camion'
Zuzendaria: Marguerite Duras. Urtea: 1977. Ikusgai: sarean.