Kattalin Barcena
Bi ahotsetara

Ez adiorik, J Martina

2026ko azaroaren 1a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez genuen anbizio handirik. Pasioa bakarrik, grina. Lagunak izaten hasi berri ginen ahizpa bi eta karrera bukatu berri zuten lagunak. Hirurok elkartzen ginen Sanfraneko etxean soinu elektronikoen aukera infinituen artean. Arraroa zen gure musika, baina ausarta. 

Gogoratzen dut gure lehenengo kontzertua Gasteizko Gaztetxean, 2020an. Oraindik ez genuen albumik atera eta beteta zegoen. Jendeak gure abesti xume eta txiki horiek oihukatzen zituen (pikutara aulkiak eta maskarilak) eta guk ezin genuen oso ondo ulertu zer gertatzen ari zen. Jendeak hitz egin zuen gure janzkeraz, gure ahotsaren efektuez, eszenatokian egoteko gure moduaz, gure musikaren kalitateaz, politikotasunaz… eta honek nigan, pertsonalki, eragin handia izan zuen. Batzuetan ziurtasunik eza sortuz, beste batzuetan, berriz, intuizioz egiten nuen hori era kontziente baten egiteko hautua egitera bultzatuz. 

Orduan konturatu nintzen gure proiektu artistikoak munduan egoteko zuen modua etengabe erabakitzen zela. Zein zen gure estetika, zeri abestuko genion, zein eszenatokitan joko genuen eta zeinetan ez, norekin egingo genuen lan eta norekin ez. Hautu politikoak ia guztiak. Gozatu dugu, okertu gara, leku eta jende zoragarria ezagutu dugu, ahoak itxi ditugu, konprometitu gara, buruhauste itzelak izan ditugu, hazi gara, temazoak egin ditugu (kanta txarrak ere bai), eta batez ere asko ikasi dugu.

Aste honetan atera dugu gure azken biraren kartela, eta etapa hau amaitzearen pena daramadan arren, bereziki hunkitzen nau bide hau egin dugun guztiok elkarrekin ospatu ahal izateak. Beti pentsatu izan dut zenbat eragin izan duen gure inguruko jendeak proiektu honetan. Gure inguruko artistek, militantziak, babestu gaituztenek, abestu gaituztenek, gure kontzertuak antolatu dituztenek, inspirazio eta erreferente izan direnek, lagunek... Oso era kolektiboan eraiki izan da J Martina beti. Estudiotik kontzerturaino. 

Pentsatu nahi dut egindakoaren arrastoa ez dela inoiz ezabatuko eta gure asmoak beti jarraituko duela hor. Arte konprometituaren kausa konplexu eta ederra. Beraz, mila esker gure doinuren bat noizbait zuena bezala sentitu duzuen guztiei. Propagandarik egin nahi ez diodan artista batek esango lukeen antzera, «hau amaitu dela ematen duen arren, ezer ez da hiltzen, dena dabil aldatzen».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA