Arantza Santesteban
Zehar-irudiak

(Ez) Maitatzearen drama

2026ko azaroaren 1a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen eszenan ageri da Tomas (Franz Rogowski), filmeko protagonista den zine-zuzendaria. Gaztea da, deigarria —ez du edertasun egonkorrik; duen erakargarritasuna besteen begiradaren araberakoa da, itzultzen dioten irudiaren araberakoa: batzuetan itsusi, besteetan eder—, apur bat tormentatua, kapritxosoa. Zakarki ematen dizkio aginduak sekuentzia batean parte hartzen ari den gazte bati: besoak guztiz luzatuta ibiltzeko esaten dio, horrela ez, horrela hobeto, interpretazioa biziago egiteko, sinesgarriago. Berak emandako aginduek gida dezatela eszena, giroa, dena.

Zinean nola, bizitzan hala jokatzen du Tomasek. Bere azken filmaren grabaketa amaierako festan Agathe (Adèle Exarchopoulos) ezagutu du, bikotekidearekin harremana eten berri duen irakasle gaztea. Gau horretan bertan oheratu dira, pasioz oheratu ere. Biharamunean, gertatutakoa Martin senarrari (Ben Whishaw) kontatu dio Tomasek —bikote irekia osatzen dute—, harengandik erantzun ulerkorra topatuko duelakoan. Emakume batekiko erakarpen fisikoa sentitzen duela esan dio, baina harreman horretan ez duela fisikotik haragoko ezer sentitzen, kuriositatea baino ez. Hala ere, Agatherekin elkartzen den bakoitzean, harekiko sentimenduak korapilatuz doaz eta Martini kontatzen dizkion gezurrak gero eta sinesgaitzagoak dira. Irakaslearekin harreman serio bat hasteko banatzea erabakitzen duenean, zalantzek eta akatsa egin izanaren itzalak auzitan jartzen dute etorkizun ideal baten promesa.

Maitasun-drama bat da, funtsean, Ira Sachs zine-zuzendari estatubatuarraren Passages filma. Parisen filmatua, beste hainbeste maitasun-dramaren hasiera zein amaiera izan litekeen hirian, hain zuzen ere. Filma ikusterakoan, lagun batek behin esandako esaldi bat etorri zait gogora: arazoa ez da norbaitek zure bihotza haustea, arazoa bizirik egon eta maitatzen ez jakitea da. Horra hor benetako tragedia.

Filma ikusterakoan, lagun batek behin esandako esaldi bat etorri zait gogora: arazoa ez da norbaitek zure bihotza haustea, arazoa bizirik egon eta maitatzen ez jakitea da. Horra hor benetako tragedia

Azkenaldian, maiz entzuten dut —akaso nire ahotik ere aterako zen noiz edo noiz— hor ez da formulazioa maitasun kontuez aritzerakoan; gaztelaniaz, akaso ezagunagoa: ahí no es. Zerbaitek min ematen badigu, deserosotasuna sentiarazten badigu, berehala iritsiko dira hitzok: maitasuna zaila bada, zerbaitek edo norbaitek ernegatzen bazaitu, hor ez da. Alabaina sare sozialetan dabiltzan garun-entrenatzaile eta sasi-coach askok hauspotzen dituzten maitasun-ereduen diskurtsoen antzutasuna datorkit gogora. Izan ere, maitasuna zerbait bada, norberarengandik ezberdina denarekin elkar ulertzeko ahalegina ere bada. Deserosotasuna, mina eta talka maitasunaren diskurtsotik kanporatzeko ahalegin horrek ez ote duen pobretzen, hain zuzen ere, maitasuna den korapilo eta dantza konplexua.

Besterik da Tomas: bere buruaz mesfidati den pertsonaia, eta, horregatik, besteak —Agathe eta Martin— bere gabeziak betetzeko erabiltzen dituena. Minez bizi da, angustiak jota, baina ez du min horretatik besteen beharrak ikusteko modurik aurkitzen. Maitasunaz ez daki sobera; izan ere, lotura afektiboak bere probetxurako erabiltzen dituen pertsonaia bat baita. Gabriella Tupini psikoanalista italiarraren arabera, maitasuna nartzisismotik bizi duena ulerkorra izan daiteke besteekin, ez hala bere buruarekin. Ez du besteen mina bere egiten, ez ditu haien beharrak ulertzen; aitzitik, besteak bere onurarako erabiltzen ditu. Pertsonaia nartzisista honen desira behinena maitatua izatea da, baina inoiz ez du uste besteek benetan maite dutenik. Hortaz, ez dela behar beste maitatua pentsatzen du; edo, agian, norbaitek benetan maite badu, desesperazioak jota dagoela, eta horregatik baino ez duela bere egin nahi —bere sarean arrantzatu—. Horregatik-edo, ondoan duen maitaleak ez duela askorako balio pentsa lezake, berarekin maitemindu bada, eta hala, paradoxikoa badirudi ere, maite duen hori gorrotatzera irits daiteke, apartatu eta ihes egitera. 

(ID_17932804760175) (/EZEZAGUNA) ZINEMA. \'Passages\' filmaren fotograma bat
Passages filmaren fotograma bat.

Lagunaren esaldira itzuli naiz orduan: arazoa ez da bihotza haustean sentitzen den mina, arazoa maitatzen ez jakitea da. Tomasek, amaieran, bakardadeari egin beharko dio aurre. Bakardade horrek badu zerbait mingarritik, baina baita behin eta berriz leku berera eramaten duen zerbaitetik ere. Besteak behar ditu, desiratu egiten ditu, haiengana jotzen du; baina, azkenean, galdu egiten ditu. Agian hor dago Passages filmaren esangura tragikoa, ez horrenbeste Tomasek maitasuna aurkitzeko duen ezintasunean, baizik eta besteek —maitaleek— bere desioei erantzuteari uzten diotenean harreman horiei eusteko zailtasunean. Drama hutsa da Passages. 

'PASSAGES'

Zuzendaria: Ira Sachs. Urtea: 2023. Ikusgai: Filmin plataforman.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA