Kattalin Barcena
Bi ahotsetara

Gabonetako pin-ak

2026ko azaroaren 15a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pasa den astean Clara Kimera abeslari, musikari eta ekoizle frantsesaren kontzertu bat ikustera joan nintzen. Elektronika malenkoniatsu, hipnotiko eta ederrez jantzi gintuen une batez. Haren ostean Linlinek jotzen zuen. Parisko rap kantariaren begirada labana baten ziztada bezalakoa egin zitzaidan. Azkarra, zuzena eta indartsua. Momentua segundo batean zapuztu zen, ordea.

Kontzertuak bost axola zitzaiela urrunetik nabaritzen zitzaien 50 urte inguruko gizon kuadrilla bat jarri zen gure aurrean. Haietako bat lau haizeetara hasi zen bere lagun guztiei banan-banan artistari buruzko broma bera egiten (bere lagunei, eta bide batez, bere inguruan geunden guztioi). Esan zuen neskaren titiek «Gabonetako pinak» ziruditela, paparrean jartzen diren txapa horietakoak. Ez zeraman bularretakorik eta titiburuak nabaritzen zitzaizkion. Sorpresa.

Batzuek barre egin zuten eta beste batzuek ez hainbeste. Dena den, gu izan ginen bakarrak esan genionak komentario hori lekuz kanpo zegoela, ez zuela graziarik egiten, eta mesedez, isiltzeko. Eta orduan, gizonak hasiera eman zion suminduaren eszenari. Karikatura bat zirudien koinatu batek esango zituen esaldi berak botatzen. «Bueno, bueno, ezin da ezer esan...», «Broma bat besterik ez zen...», «Irainduta sentitu bazarete sentitzen dut...», eta imajinatu ditzakezuen guzti-guztiak. Eztabaida hazten joan zen, eta azkenean bere lagunek kanpora joatera gonbidatu zuten, lotsatuta.

Barrenak nahasten zaizkit gogoratzean ni ere eszenatokian nagoen bakoitzean publikoko norbaitek gauza bera egiten duela. Jakin badakit hori gertatzen dela, lagunek behin baino gehiagotan entzun dituztelako niri eta nire ahizpari buruzkoak. Eta nazka ematen dit. Ez dut haientzako abestu nahi, ez dut haientzako dantzatu nahi eta ez dut haientzako jantzi nahi. Sentitu dezatela beren pentsamenduen inpertinentzia.

Askotan nekagarria da, baina musikan etengabe ikusten ditugu emakumeak objektibizatzen eta gutxiesten gaituzten jarrerak. Eta gure esku dago bai eszenatokian eta bai publikoan izaten den misoginiaz kontziente den eta aurka egingo dion eszena bat eraikitzea. Industriak soilik errentagarritasuna aterako diolako emakumeon objektibizazioari eta hori sustatuko duelako. Beraz, lagunok, antolatu dezagun amorru hau guztia behar den norabidean eta ez ezkutatu Gabonetako pinak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA