Ismael Manterola
Begiz

Galdera txikiak

2024ko maiatzaren 14a
05:05
Entzun

Zein den artistaren lekua galdetu dio irratiko esatariak artistari. Artistak galdera handi hori galdera txikitan xehetuko lukeela erantzun du. Adibidez, zein den artistaren ardura edo zein den artistaren jarrera etikoa gizartearen aurrean. Azkarra iruditu zait artistaren erantzuna elkarrizketan azaldutako galdera topikoaren aurrean. Gainera, oinarrizkoak iruditu zaizkit artistak proposatutako galderak, batez ere buelta ematen diolako jatorrizko galderaren barruan dauden ardurei. Gizarteak lekua ematen dio artistari edo artistak lekua hartu behar du gizartean? Lehendabizikoan artista subjektu pasiboa da, bigarrenean artistak du ekimena.

Hala ere, ez dira erantzuteko galdera errazak. Gizartea ente abstraktu xamarra denez, ez dakigu oso ondo zein den momentu bakoitzean norberaren zeregina. Sarritan ez zaigu gizartean dugun lekuari buruz galdetzen, eta rol jakin bat betetzera gonbidatzen gaituzte (gizartekideek) ardura handirik hartu gabe, inertziaz edo ohiturari jarraituta. Artearekin eta artistarekin ere antzeko zerbait gertatzen dela iruditzen zait.

Baina artearen munduan gaudenok ezin dugu besterik gabe onartu gizarteak emandako papera; aldiz, erabakitzeko gaitasun minimoa izan behar dugu jakiteko zein den artistaren ardura edo artistaren jarrera etikoa. Azken horrek literatura ugari sortu du, gutxienez bi mendez. Merkatuak gizartearen esparru gehienak bereganatu zituenetik, behin eta berriz esan zaigu artistak ez duela lanik egin behar saltzeko, nahiz eta gizartearen gehiengo batek hala egiten duen. Behin baino gehiagotan artistak jarrera eta objektu arraroz bete behar du gizartea, nahiz eta gehiengoak gauza arruntak eta egunerokoak egiten dituen. Askotan, artistari gure bizitza aspergarriaren denbora-pasak asmatzea eskatzen dizkiogula iruditzen zait.

Beraz, artistari gizartearen salbuespena izatea eskatzen zaio, eta, beharbada, hori da artistak nahi duena, bere jarrera etikoa, harreman ekonomiko hutsetan oinarritutako gizarte batean. Zer da, bada, erakusketa bat antolatzea? Espazio sasimarjinal bat, itxuraz, ezertarako balio ez duten gauzez betetzea baino? Hori besterik ez eta hori guztia, ariketa zaila baita norberaren proposamenak besteei helaraztea. Horregatik miresten ditut gehiegi espero ez duten artisten proiektuak, mundua eraldatzeko asmorik ez dutenak, bere xumetasunean zintzotasunez zerbait eskaintzen digutenak. Mezu handinahirik gabe lotsati zerbait ezkutatzen dutenak edo argi azaltzen ez dizkigutenak. Anbiguotasunean ikus-entzuleari lana ematen dionak. Galdera handiak erantzun beharrean, galdera txikitan xehatzen duten artelanak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.