aritz galarraga
Klasiko gisakoak

Gehiago esango nuke nik

2026ko urriaren 18a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leon Degrelle izan zen nazi bat, belgikarra, asuntoa zail jarri zitzaionean hegazkin bat hartu eta, tor-tor, Donostiako Kontxan lur hartu zuena —kolpetik hartu ere, Koldo Almandozen film batean ikus daitekeen bezala—. Handik aurrerako urteak lasai asko bizi izan zituen Espainia aldean, frankismopean, 1994an zendu zen arte —eta horra beste froga bat frankismoa diktadorearen heriotza baino harago iritsi zela defendatzeko—. Kontua da, hil hurren, liburu estranbotiko bat argitaratu zuela, zeinaren tesia zen: «Ni naiz Tintin». Ez motz, ez nagi: Belgikako erreportari ezagunenaren aitatasuna aldarrikatu zuen nork eta Belgikako nazirik ezagunenak.

Degrelleren purrustada gorabehera, ordea, egon daitezke motiboak galdera egiteko: nazia izan zen, nazia da Tintin? Ez hainbeste Georges Remi, alegia Herge, Tintinen benetako aita, zeinak lotura zuzena izan zuen naziekin, luze gabe Degrellerekin berarekin —«gizon zintzo» gisa definitu izan zuen inoiz—. Baina Tintin, munduan zehar ibili den erreportari ausarta, 24 album ilustraturen protagonista, dei dezakegu nazi? Egia da hartzen duzula lehen albumetako bat, Tintin Kongon, 1931koa, eta, eskuzabal izanda, definituko zenukeela gutxienez kolonialista gisa: gurutzatzen duen lehen beltzari ez dio begiratu ere egiten, lau beltzen artean daramate bizkarrean, teknologia europarra erabilita txunditzen ditu, kasik jainko bat bezala gurtzen dute azkenean.

Baina esango nuke zerbait aldatzen hasten dela Loto urdina 1936ko albumetik aurrera. Shanghain daudela «txinar urde», «gizahori basati» eta antzekoak irakur ditzakegu. Ez, noski, Tintinen ahotik; kontrara, Tintinek aurre egingo die gaiztagin horiei, burlatuko zaizkio bueltan —«Kixote txiki» deituko diote—. Are gehiago, bizitza salbatuko dio Txang izeneko mutiko bati, zeinak, indarberritzean, aitortuko dion: «Uste nuen deabru zuri guztiak gaiztoak zirela, orain dela urte asko nire aitona hil zuten haiek bezalakoak». Eta Tintinek arrapostu: «Europar askoren ustetan ere txinatar guztiak azeriak eta ankerrak dira». Ondorioztatzeko: «Herriek ez dute elkar ezagutzen». Harrezkero, lagun estu bilakatuko dira, anaiak kasik, hainbeste, non, izugarrizko arriskutan ibilita ere, onartuko duten: «Bion artean hobeto moldatuko ginateke». Zerbait aldatzen da, beraz, eta ez bakarrik Tintinen izaerari dagokionez, baizik eta baita albumen euren konplexutasun, aberastasun, erakargarritasunean ere.

'Tintin Tibeten' albumeko bineta bat. BERRIA
Tintin Tibeten albumeko bineta bat. BERRIA

Ez dakidana ziur da goia non jotzen duen. Batzuek —Alba Rico, Batalla— diote dela Tintin Tibeten, 1960koa. Hergek berak album maiteena zuen. Tira, euskalduna izanik ados egon naiteke —nahiz Haddock kapitainarekin batera, mendian gora baino, nahiago nukeen «whisky hotz bat klinkatzen»—. Txang agertzen zaigu hemen berriz, bigarren eta azken aldiz. «Sekula ezagutu dudan mutikorik onena». Hain justu lagun mina aurkitzeko abentura da, funtsean, album hori, hegazkineko istripua izan eta Tibeteko mendietan galduta baitabil. Ustez hilik; hori diote denek, Tintinek izan ezik. Hala hasten da bidaia, ez bakarrik arriskutsu, baita itxuraz zentzugabe hau ere, ebidentzia guztien, logika ororen kontrakoa. Helburu bakarra duena: laguna —oroi, aurretik behin bakarrik ikusi duena— bizirik aurkitzea. Bidaide dituenek ere behin eta berriz abandonatu nahi dute, baina ez dute egiten, laguntasunaren zentzu atabiko bategatik. «Biok bizirik edo biok hilda!», esango dio Tintinek Haddock kapitainari, pareta batetik dilindan daudela. Pablo Batallaren arabera, Tintin Tibeten da laguntasunari buruz inoiz idatzi den istoriorik onena.

Idazlearen ideologia edo helburua gorabehera, irakurleak liburuan zer aurkitzen duen da garrantzitsuena, garrantzia duen bakarra

Nazia da Tintin, beraz? Bada, esango nuke ezetz. Santiago Alba Ricok zerrendatzen dizkio salatu zituenak oro (harengandik Marxengandik baino gehiago ikasi duela aitortu eta gero): inperialismo japoniarra Txinan (hain justu, Loto urdina-n), inken ondarearen arpilatzea (Levi-Straussek goretsia, Kristalezko 7 bolak eta Eguzkiaren tenplua-n), are nazismoaren espantsionismoa (Ottokarren zetroa-n). Eta, esango nuke ezetz, baina, egia esatera, ez zait askorik inporta. Idazlearen ideologia edo helburua gorabehera, irakurleak liburuan zer aurkitzen duen baita garrantzitsuena, garrantzia duen bakarra.

Eta hala aurkitu genuen, aurkitzen dugu oraindik erreportari bat, abenturalari bat hobeto (artikulu bakarra idazten baitu 24 albumetan), gimnasiorik zapaldu ez duen superheroi bat, zailtasunen aurrean moldatzen dena aurrera segitzeko, gaiztoek jartzen dizkioten tranpetatik onik ateratzeko, heriotzari izkin egiteko abilidade ikaragarria duena, mendiak mugitzeko adina fede duena gizakiarengan. Finean, humanista handi bat. Gehiago esango nuke nik, humanista handi bat, eta Asterix eta Obelix aldagaitz, higiezin, txokozaleen aldean, mundu zabalari irekirik, beti prest abentura berrietarako, jakin-min, askatasun, haurtzaro eternal baten amets. XX. mendeko narratzailerik handienetako bat; Tintin bera, baiki, autorea aspaldi atzean utzita, literatura lan handiekin gertatzen den modura. Eta, definitiboki, literaturan berean bizitzen geratzeko grina, helduaroan ere, pizturik mantentzen diguna.

'tintin tibeten' 

Idazlea: Herge. Generoa: komikia. Itzultzailea: Joxe Mari Azurmendi. Argitaldaria: Elkar. Urtea: 1989. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA