Haizea Barcenilla
Begiz

Hiru hitz, hamaika eduki (III)

2024ko maiatzaren 7a
05:05
Entzun

Aurreko bi zutabeetan Erromako Kapitolioko Museoen sotoan ikusi nuen estela bat aztertzen aritu naiz. K.o. I. mendeko hilarri bat zen, eta hiru hitz besterik ez zuen, bata bestearen azpian: «Antiochus/libertus/pictor» esaten zuen, alegia, «Antiochus. Libertoa. Margolaria». Gaurkoan azken hitzari ekingo diot, pictor, margolaria.

Dagoeneko ezagutzen dugu gure hildakoa: Antiochus izeneko gizon askatu bat, esklabo zen bitartean artista lanetan zebilena ziur asko. Aurrekoan zehaztu genuen artista lanbide horrek ez ziola Antiochusi estatus berezia eman gizartean, artistak ez baitziren jeinu paregabeak kontsideratzen, artisau trebeak baizik. Aipagarria da pictor jartzen duela Antiochusek bere estela txikian, eta ez artista hitza; hain zuzen, ez zelako egileak izendatzeko halako kontzeptu orokor bat existitzen. Artisautza izanik, lanbide artistikoak teknikaren bidez desberdintzen ziren, ez sormenagatik. Lucius Vitelius Hermiasen estelak, adibidez, gemmarius sculptor zela esaten digu, harri bitxien tailatzailea. Artisten estela guzti-guztietan teknika gailentzen da, eta oso eginkizun zehatza izan ohi da.

Izan ere, artea lan kolaboratiboa zen. Lantegiak ziren nagusi; hainbat artisau biltzen zituzten eta bakoitzak eginkizun jakin bat zuen. Baziren, hasteko, koloreak prestatzen zituztenak, pigmentu garestiak maneiatzea eskatzen zuen ariketa ia kimikoa. Ondoren, baziren margolanen atalik sinpleenak egiten zituztenak: hondoko kolore lauak edota patroien bidez margotzen ziren alboetako dekorazio geometrikoak pintatzen zituzten horiek. Ziur aski, pintore gehienak halako lanak egiten hasiko ziren, eta esperientziari esker figurak eta konposizioak egitera pasako ziren gero. Hala ere, litekeena da trebetasun eskaseko familiako kide batzuek oinarrizko lan hauetan urte asko ematea, lanbidea familia kontua zelako baita ere, eta ez zen inoren lana baztertzen.

Badakigu lantegi handietan espezializazioa oso handia izan zitekeela: beste estela batean occulariarii lanbidea jarri zuen gizon batek, alegia, begiak margotzea zegokion pintorea. Imajina genezake goi mailako freskoetarako, Liviaren lorategirako adibidez, txoriak pintatzen espezialista zen artisau bikainen bat ekar zezaketela, errepresentazio hain naturala ez baitago edozeinen esku.

Dena dela, Antiochusen estelaren tamaina ikusita, pentsa genezake dekorazio sinple eta merkeak egiten zituen pintorea zela gure laguna. Agian lantegi handiago baten partaide izan ondoren, aske geratzean laguntzaile batekin etxe xumeetan dekorazio sinpleak egiten zituen teknikaria izan zen. Zehazki jakitea ezinezkoa da, baina eskertuko diogu Antiochusi gogora genezan idatzi zuen estela hark eman digun gogoetagaia. Zoriontasunean bego.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.