«Pf, ni naiz, literal», pentsatu nuen kontzeptua lehen aldiz entzutean. Andrea Gumes eta Anna Pacheco kazetari katalanen Ciberlocutorio podcastean izan zen, espainolez: resaca de zorra. Bitch hangover gisa omen da ezaguna kontzeptua mundu anglo-saxoian, antza. Itzultzaileok, ez dut euskarazko baliokiderik topatu eta eduki nahi nuke… putaren ajea izan daiteke?
Bezperan testuinguru sozialen batean gehiegi hitz egin izanagatik sentitzen den bestondoari egiten dio erreferentzia, damua eta lotsa eskutik daramatzana. Ez pentsa oso festazalea naizenik, baina aldartea, eguna eta jendea alde baditut, esparru batzuetan gehiegi hitz egitera hel naiteke zenbaitetan. Batzuetan egunean bertan heltzen zait putaren ajea, delitua egin eta tartetxo batera. Era berean, paradoxikoa badirudi ere, hori da nire beldur handienetako bat: tokatzen zaidana baino gehiago okupatzearena. Ohikoan, putaren ajeak bultzatzen nau bezperako solaskideei —edo entzuleei— barkamena eskatzera, oro har beti izaten da minimoki konfiantzazko jendea. Jose Luis Otamendiren Erauntsi xumea poemako esaldi bat gogoratzen dut orduan, neure buruari errieta goxo eginen banio bezala: «Hitzen goroldio hau baino/ isila ez ote zen/ premiazkoagoa».
2022ko Iruñeko Topaketetan entzun nuen hizketan iaz Literaturako Nobel saria eskuratu zuen Laszlo Krasznahorkai hungariarra, bere itzultzaile den Adan Kovacsicsekin batera. Itzultzailea idazleari idazketa prozesuaren inguruan ari zitzaion galdetzen, eta idazleak —nire ustez kutsu etsituaz— bota zion esaldi batekin geratu nintzen: «Ezin dut garai batean bezala idatzi, bizi garelako jendarte batean zeinetan jendeak daukan denbora guztia erabili behar duen bere existentzia demostratzeko». Pixka bat zorrotzago nabil ordutik hitzen goroldioari leku pixka bat kendu eta isiltasunari emateko saiakeran / sortzen dudan zaratari zorrotzago begiratzen.
XVIII. mendeko Joseph Dinouart apaizarena omen da «isiltasuna bera baino baliotsuagoa den zerbait esateko bada baizik ez zaio utzi behar isilik egoteari» esaldi ezaguna. Eta hamaika isiltasun mota sailkatu zituen: zuhurtziazkoa, maltzurra, adeitasunezkoa, isekazkoa, espirituala, inozoa, onespenezkoa, mespretxuzkoa, umorezkoa, kapritxozkoa eta abilezia politikozkoa. Miresmenezkoa, nekezkoa, harridurazkoa, lotsazkoa, haserrezkoa edo koldarkeriazkoa dira niretzat zerrendan falta diren agerikoenak.
Zer da isiltasuna? Dagoen zerbait da, ala beste deus ez dagoenean geratzen den hori? Oso diferentea da edozein terminoren ulerkera eta trataera afirmaziotik edo ukaziotik, presentziatik edo absentziatik planteatzen denean
Krasznahorkai entzun eta urtebetera hartu nuen parte Azpeitiko Dinamoan antolatzen duten Hitzaren Eskolan, eta isiltasunaz aritu ginen hiru larunbat goizez. Gogoan dut, hasteko, kontzeptuaren definizio bila hasi ginela. Zer da isiltasuna? Dagoen zerbait da, ala beste deus ez dagoenean geratzen den hori? Oso diferentea da edozein terminoren ulerkera eta trataera afirmaziotik edo ukaziotik, presentziatik edo absentziatik planteatzen denean. Galdera hori bera agerian uzteko ariketa ere bada John Cageren pianorako 4:33 obra entzutetsua.
Berandu baino lehen egin nuen topo Oier Aranzabalek Barruan gaude podcastean Xabier Erkiziari egindako elkarrizketarekin, eta ziur eta zuzen esaten dio elkarrizketatuak kazetariari: isiltasuna ez da existitzen. Soinu baten azpian, azaltzen du Erkiziak, beti dago beste soinu bat, infinituki. Eta isiltasuna, zerbait izatekotan, ez entzuteko desira besterik ez dela. Hil ondotik ere ez omen dela existitzen.
Existitzen ez den zerbaiti jarri diogu izena, beraz. Eta, badakizue, euskaldunondako, izena duena bada. Ideia horri tiraka udazkeneko larunbat goiz horietako batean egin genuen ariketa proposatu nahi dizuet gaurko; igandeetarako ere balio du. Bi gauza mota topatu beharko duzue: batetik, izenik ez duen eta eduki beharko lukeen zerbait —eta, hortaz, aurrerantzean existituko dena— eta, bestetik, izena izan eta sobera duen beste zerbait —eta, ondorioz, desagerraraziko duzuena—. Bakoitzetik bat baino gehiago proposatu daiteke, eta izena behar dutenenei, noski, jarri beharko zaie.
Ariketa egiteko urratsak:
-
Deitu presazko asanbladara egunkaria irakurtzen ari zaren sukaldeko mahai, mendi, lantoki, ohe, kafetegi edo dena delako lekuan —konpainia egokian ez bazaude, telematikoki ere dei daiteke bilerara, baina ongi hautatu txateatzeko erabiltzen duzun aplikazioko taldea—. Bestela, bakarka ere egin daiteke.
-
Azaldu ariketa eta jarri epea: ordubete, eguerdira arteko tartea, egun osoa...
-
Behaketan hasi aurretik, irakurri hau (elkarrekin, posible bada)
Jorge Luis Borgesen Golem-en hasiera:
«Baldin eta (greziarrak Cratilon dioen bezala)/ izena gauzaren arketipo bada/ arrosa hitzaren letretan dago arrosa/ eta Nilo hitzean Nilo osoa»
Pablo Messiezen Nombrar es imposible (Ezinezkoa da izendatzea):
«Ezinezkoa da izendatzea,/ eta ederra izan daiteke ezinezkoa saiatzea;/ baina mintzo garen aldiro/ zerbait geratzen da izenetatik kanpo./ Hitz bakoitzak/ adierazi nahi duen horren alderdi bereizgarri bakarra gordetzen du isilean/ Izendatzea ahaztea da…»
Bidaia on!
