Ismael Manterola
Begiz

Intimitatearen ikuskizuna edo artea

2025eko urriaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu berria da Gasteizko Montehermoso kultur zentroan uda guztian ikusgai egon den Abel Azkona artistaren Monumentu bat familiari erakusketa.

Aitortu behar dut aurreiritziz beteta joan nintzela erakusketa ikustera. Alde batetik, Abel Azkona artista polemikoa izan da, eta behin baino gehiagotan jaso du komunikabideen arreta egindako ekintza kritikoen ondorioz. Ez dakit oso ondo zergatik, baina horrek sarritan mesfidantza eragiten dit, zalantzan jartzen baitut artelanaren interesaren eta eztabaida pizteko ahalmenaren arteko harremana. Bestalde, banekien erakusketa gertaera autobiografikoetan oinarritzen zela, eta horrek ere ez zidan lasaitasun handirik ematen, gaur egun arteek sarritan gai horietaz abusatzen baitute, autofikzioaren aitzakiaren bidez.

Hala ere, onartu behar dut harrituta geratu nintzela Azkonak Montehermoson antolatutako erakusketarekin, bai artelan zehatzekin, bai aurkezteko moduekin. Erakusketa gehiago edo gutxiago gustatu, artistak ondo asmatu du muntaketarekin eta lan hain performatiboak azaltzeko erekin. Hain zuzen, artisten lana da ideiei, kontzeptuei, sentsazioei edo adierazpenei forma ematea, hau da, artista ez da bakarrik ideia onak edo originalak dituena, baizik eta horiei forma ematen diena besteei erakusteko, eta erakusketak adierazten zuen Azkonak gaitasuna duela.

Aurrekoan esandako guztiak ez die ikusgai zeuden artelanei gordintasuna kentzen. Gogorrak ziren idatzietan, agirietan, bideoetan, argazkietan eta marrazkietan artistak azaltzen zizkigun gaiak: jaiotzeagatik sentitutako errua, abandonua, adopzioa, sexu abusuak, familia, tratu txarrak, prostituzioa, droga menpekotasuna, buruko gaixotasunak, norbere burua hiltzeko saiakerak eta abar. Hori guztia eta zerbait gehiago jasan duen norbaitek bizirik jarraitzerik ba ote du? Artea horrelako gaiak modu batera edo bestera tratatzeko balio al dezake? Hau da, artea terapia moduan erabili al daiteke? Eta horrek ba al du ikusleentzat interesik?

Erakusketaren galderak eragiteko gaitasunaren inguruan hausnartzen ari nintzela konturatu nintzen ibilbidea bukatu nuenean. Horrekin batera, Montehermosoko ur biltegian sartu nintzenean neraman beste aurreiritzi bati aurre egin behar izan nion. Ez naiz ohitzen gaur egungo gizarteak intimitatearen exhibizionismoari dion atxikimendura. Beharbada beste garai batekoa naizelako edo, niretzat intimitatea gordetzen den balio bat da. Horregatik ez nuen ondo ulertzen Azkonak bere ama biologikoa topatu zuenean era publiko batean azaldu beharra elkar ezagutzeko topaketa. Nola liteke emozionala eta hain pertsonala den gertaera bat ikuskizun bihurtzea? Baina, artelan horren aurrean zegoen oholtzaren aurrean nengoela pentsatu nuen ezin zitekeela beste modu batera izan. Arteak artifizio bihurtzen zuela bestela jasanezina edo eutsiezina izan zitekeen zerbait. Distantzia edo fikzio itxura ematea artearen gaitasuna da, eta horrek eramangarriagoak egiten ditu onartzeko zailak diren egoerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.