LAUHAZKA

Iruñeko olatuak

2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
BAT: PIRRITX, PORROTX ETA MARI MOTOTS

Duela aste batzuk, Iruñeko Udalak pailazoen emanaldiaren kontratua apurtu zuen, eta, ondorioz, San Saturnino egunez eskaini ohi zuten emanaldia bertan behera gelditu zen. Orain jakin dugu Anaitasunan izanen dela ikuskizuna disfrutatzeko parada, abenduaren 22an. Kontratu haustearen berriak Iruñe euskaldunaren mobilizazio handia eragin zuen, pailazoek Katakrakera joateko deialdiari erantzunez. Kale Nagusia bete eta Udal plaza kolore aldarrikatzaileez bete zen. «Hemen gaude euskararen alde».

BI: MASA KRITIKOAREN LOTSA GUTXIA

Badira hilabete batzuk gure hirian berreskuratu dela nazioarte mailako hileko azken ostiraletan egiten den txirrindula topaketa; masa kritiko hiritarra, alegia. Horren eskutik, edo ondorioz, bizikletaren inguruan eszena berri bat agertu da, esperimentaziorako bidea bilakatu dena, interbentzio kuriosoak sortuz: zortzi gurpileko txirrindulak, bi, hiru zein lau koadro dituztenak, koloretako profil argidunak daramatzatenak eta, batez ere, musika taldean eramateko tramankulu ederrak. Kaleak berreskuratzeko eta mugikortasunaren gatazka islatzeko tresna eraginkorrak. Iruñe gazteak, nahasiak, kaleko gatazkak buruan dituenak eta usain underground-a daukanak osatzen du olatu hori.

Azken hitzorduan, ordea, ia ehun bizikleta zeuden momentuan, udaltzainen furgonetek errepidea moztu zuten txirrindulariei aurrera egitea eragotziz. Hortik aurrera gertatutakoaren kronika egitea ez da beharrezkoa. Oraindik ezin da jakin isunik egonen ote den. «Más bicicletas y menos furgonetas».

HIRU: #YULANYJUANSEQUEDAN

Joan den asteartean, azken etxe kaleratzea gertatu zen. PAHren deialdiari erantzunez, kaleratzea eragozteko jende andana bildu zen Yulanen eta Juanen etxeko atean. Haiek babesa sentitu bazuten ere, Polizia garajetik sartu eta atea bota zuen. Ondoren, etxea hustu zuten eta Yulan eta Juan etxerik gabe gelditu ziren. Sentimendu gogorrak bizi izan ziren hor, PAHren porrota gertatu baitzen, oraingoa bezalako momentu gogor batean. Alokairuen eta hipoteken ordainketaren problema modu politikoan pentsatzen dutenak joan ziren hara. Kanpotik etorritako iruindarren olatua agertu zen. «Sí se puede».

IRUÑE GRISAREN AURREAN, ERRONKA BERRIAK

Hiru irudi hauek bi aste hauetan ikusi ditut Iruñean, eta hirian barna zabaltzen den laino gris ezagun horren buelta konfirmatzen digute. Ez dugu esanen kolore argiak zituen hiri baten gainean zabaltzen ari denik, aurreko legealdiak, koloreak baino, hutsuneak izan baitzituen, baina UPNren garai gogorren usaina berriz identifikatu daiteke giroan. Momentu txarra da Iruñe anitz, demokratiko eta gutxiengoen interesak defendatuko dituen horrentzat. Egoera ezaguna bazaigu ere, olatu errepresibo berri hauei aurre egiteko formula berriak asmatu beharra dago.

Antolakuntza sozialaren txikitze nabaria gertatu da azken lau urteetan. Kolektibo aunitz desagertu edo txikitu dira. Horren eredu, aurreko legealdian ahots kritikoek izan zuten protagonismoaren tamaina: ia ikusezina. Aldaketaren gobernuak kolokan jartzeko beldurrak aurretik eraman ditu diskurtso autonomoak, eta, hortik aurrera, antolakuntza sareak. Ez gaude olatu errepresibo bortitzenaren aurrean, baina UPN neurketa lanetan dabilela dirudi. Eskuin muturreko formak hartuz, lotsa galdu du eta politikoki zuzenak ez direnak esaten hasi da; publikoki onartuz, adibidez, pailazoen kontratua legezkoa dela baina beto politikoa dutela.

Baina erronka lehen aipatutako olatu horiek uztartzean datza, estankoak direlako. Oinarrizko lana egiteko, abiapuntuaren inguruan hausnartu beharra dago, identitatearen afera alde batera utzi eta klasetik lana egiteko bidea bilatuz; olatu guztiek besteen beharra dute eskuinaren egonkortze garaiei aurre egiteko eta batuketa hori gabe ezin izanen da Iruñe demokratikoago eta bizigarriago bat eraiki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.