Urriaren 2an topo egin nuen aspaldiko lagun batekin, eta elkarrekin sartu ginen Baluarteko gela handi eta jendez mukuru batera. Eta gela horretan topo egin genuen sugar batekin. Gori eta gorri. Pantaila erraldoi batean proiektatu zuten: XII. mendeko ilustrazio batean ageri zen; ibai gorria hantxe zen, moja baten burura isuriz. Eta sugar horrek esan zigun behin ezagutu zuela Rhin bailaran emakume txit berezi bat. Eta emakume horrek zuela izena Hildegarda Bingengoa, 1098an jaioa, abadesa benediktarra bera, gaixoaldiak landareekin bezainbeste musikarekin sendatzen zituena. Eta sugar horrek kontatu zigun gaur bezalako egun hotz batean aurkeztu zitzaiola halako batean Hildegardari, eta Hildegardak ulertu zuela suzko ibai horren bitartez mintzo zitzaiola Jainkoa, interferentziarik gabe. Eta elizgizonek liburuetan ikasten zutena berak suzko ibai horren bitartez ikusten zuela: kreazioa eta Jainkoa eta gizon eta emakumearen eginbeharra mundu honetan. Eta hasieran Hildegarda beldurtu egin zela ikuskari hauek zirela-eta, ez ote zuten herejetzat hartuko, eta nola azkenean aita santuak berak onartu ez ezik, suzko ibai horretan zehar iristen ziren jakinduria denak idazteko eskatu zion. Horixe lehenengo sugar woman-aren istorioa.
Eta urriaren 2an ere ezagutu genuen Marguerite Porete, horixe ere Erdi Aroko begina bat, eta kontatu zigun liburu txit berezi bat idatzi zuela XIV. mendean, El espejo de las almas simples (ama hizkuntzan idatzia (!?), zeinak Askatasunaren Lurraldera iristeko barne-bidaia kontatzen duen). Eta XIV. mendea intelektualki XII.a baino krudelagoa zetorrela, eta Inkisizioa orduan hasten zela bere amets histerikoa Europan barna zabaltzen, eta nola garaiko elizgizonei laket ez, eta sugar batekin egin zuen topo berak ere, gori eta gorri; baina inondik inora ez dibinoa: 1310eko ekainaren 1ean Pariseko Place de Greven bizirik zela sugarretara kondenatu baitzuen Inkisizioak liburu hura zela eta. Asteburuko bigarren sugar woman-a.
Eta urriaren 3an berriz ere abiatu nintzen Iruñeko Topaketetara, aurreko egunean entzundakoaz tindatuta edo, kamixeta gorriz (honetaz orain ohartu naiz, hau idazten ari naizela). Eta topo egin nuen beste lagun batekin. Eta abiatu ginen beste emakume txit berezi bat ezagutzera. Eta emakume horrek eskerrak eman zizkigun modu ez-protokolario batean, halako lekuek eskatzen duten moduan (eskerrik asko kultur departamentuari, rebeca esnaolari, ramon andresi, ezdakitnor eta ezdakitnori). Ez. Benetan eskerrak eman zizkigun, aspaldi xamarrean ezin izan zuelako publikoki konpartitu pentsatzen zuena: Chiara Bottici da bere izena, eta 2025ean bere New Yorkeko unibertsitateko postua utzi behar izan zuela presidente baten hira zela eta. Gori eta gorria. This is the US, but it can be Europe soon. Don’t take freedom for granted. Eta mintzatu zitzaigun, besteak beste, komunismo somatikoaz, gizonkraziaz eta anarkafeminismoaz, baina baita ere, halako hitz potoloen ondoan eta nahasirik, prostataz, arnasten dugun aireaz, Xeherezadez, korapiloez, prostataz, Genesiaz eta Ama Birjinaren odolezko malkoez.
Adierazi zigun gizakiak naturaz animalia kontagarriak garela; gu garen hori kontakizunen bitartez eraikitzen dugula (hein handi batean, mitoen bitartez), eta norberak ez badu bere historia kontatzen beste batzuek eginen dutela bere partez
Kontatu zigun Italian bazirela amabirjina asko odolezko malkoak zituztenak edo, bere hitzetan, begietatik menstruatzen zutenak. Eta bere buruari galdetzen zion ea posible ote zen irudi horrek zerbait askatzailea adieraztea, ez betidaniko min eta sufrimendua. Zeren eta adierazi zigun gizakiak naturaz animalia kontagarriak garela; gu garen hori kontakizunen bitartez eraikitzen dugula (hein handi batean, mitoen bitartez), eta norberak ez badu bere historia kontatzen beste batzuek eginen dutela bere partez, eta (ez berrikusitako) herentziaz jasoko duela bere niaren kontakizun agian ez akuratuegi bat. Eta horregatik dela garrantzitsua eta are iraultzailea mitoak berrirakurtzea, haien esanahia gure izateari hobeki moldatzeko, tradizioz jasotako hainbat uste ustel desmuntatzeko, haien ahal askatzailea deskubritzeko.
Eta hor bota zigun entzuleei galdera: zer izan daiteke orain begietatik menstruatzen duen amabirjina? Eta orduan berriz gogoratu nintzen Hildegardarekin, esaten zuena zikina zen odol bakarra gerran isuritakoa zela, inondik inora ez emakumeen hilerokoa. Eta hasi ginen Baluarteko jendez mukuru zegoen gela hartako burmuin asko malko horiei esanahi berriak topatzen. Eta baten batek pentsatuko zukeen malko horiek agian izan zitezkeela hilekoaren aldeko lehen aldarrietako bat, edo izan zitezkeela jende gaiztoaren hira gori eta gorria apaltzeko proto-laser izpi modukoak, nolabaiteko superheroi bat zeinak begietako malko gorriekin injustuak kiskaltzen zituen, eta izan zezakeena izena, nola ez, Sugar woman.
