benat sarasola
Lauhazka

Kantzelazioaren lilura

2026ko irailaren 27a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gogoratuko duzue ziur aski: iazko martxoan Espainian polemika piztu zen Luisge Martin idazleak idatzi zuen El odio (Gorrotoa) liburuaren harira. Ez-fikziozko nobela moduan aurkeztu zuen eta liburuaren bidez Jose Breton parrizidak «zergatik egin zuen egin zuena ulertzen» saiatu omen zen idazlea. Ruth Ortizek, haurren amak, salaketa jarri zuen liburua argitaratu ez zedin eta, berehala, sekulako oldea iritsi zen leku guztietatik gauza bera eskatuz. Azkenean, argitaletxeak berak, presio mediatiko-sozialaren ondotik, liburua ez argitaratzea erabaki zuen.

Albistea kasualitatez entzun nuen, oldea iritsi baino lehen, eta orrialde honetarako zertxobait idatzi nuen. Liburu bat kantzelatzearen arazoak aletzen saiatzen nintzen, zeinen arazotsua iruditzen zitzaidan ikuspegi eraldatzaile batetik liburu-zentsuraren liluretara errenditzea. Bereziki kezkagarria egiten zitzaidana zen zenbat jendek asumitzen zuen liburu bat kantzelatzearen premia (batzuek argitaletxea kantzelatzera hedatu zutena), baita hura irakurri gabe ere. Areago, irakurri zuten gutxiren artean Marta Sanz zegoen, esaterako, zeinak liburua «erabat errespetuzkoa» zela adierazi baitzuen.

Ia inork irakurri ez zuen liburu bat kantzelatzearen keinuan zerbait aski erreakzionarioa sumatu nuen baina ez dakit asmatu nuen testuan hori azaltzen. Neurri batean, hemen noizbait «humus kutsatua» moduan izendatu nuenaren beste adibide bat iruditu zitzaidan. Unibertsitatean ematen nituen eskoletako batean gaia ateratzea pentsatu nuen eta berehalakoa izan zen zenbaiten erantzuna: erraietatik sumatzen zen herra borborka. Giro horretan, kantzelatzearen arazoak seinalatzen zituen oro Bretonen konplizetzat jotzen zen ia automatikoki. Berehala erretiratu nuen gaia klasetik, noski; hobeto geunden poesia sinbolista lantzen.

Testua idatzi eta argitaratu bitartean uholdea hazten eta hazten joan zen eta, azkenean, testua ez argitaratzea erabaki nuen, eta beste artikulu bat idatzi nuen presaz. Izan ere, plazan testua gaizki ulertzeko osagai guztiak zeudela iruditzen zitzaidan, eta idazten nuena idazten nuela (egunak pasa nituen testua fintzen, ñabardurei ñabardurak egiten) epaia ekidinezina izango zela. Eta batere gogorik ez sentsazionalismoa, clickbaita, wasapeko konbertsazio erregosiak eta abarrekoak elikatzeko.

Kantzelazioak planteatzen dituen arazoetako bat da ea lanabes baliagarria den proiektu politiko eraldatzaile baterako, kontuan izanda kantzelatzaile nagusiak eskuineko ideia politikoen babesleak eta botere handia dominatzen dutenak izan direla. Eta direla oraindik ere

Uda honetan irakurri ditudan liburuen artean bereziki gustatu zait Antonio Gomez Villar filosofoaren Transformar no es cancelar (Eraldatzea ez da kantzelatzea). Posizio politiko eraldatzaileetatik eta ezkertiarretatik «kantzelazioaren kultura» delakoari egindako kritika bikaina dela iruditu zait. Dohain ugari ditu liburuak, baina nabarmenetako bat da kantzelazioaren logikari kritika zorrotza egitea planteamendu neoliberal eta kontserbadoreetan erori gabe. Izan ere, irudi luke, errealitatea eta espazio mediatikoa ulertzeko dugun modu dikotomiko ohikoari jarraiki, bi bandoren artean hautatzera beharturik gaudela: kantzelazioaren alde (gaitzerdiko soluzio gisa) edo eskuin nostalgikoaren alde. Logika makur horrekin apurtzen du liburuak, hizkuntzaren kritika eta borroka politikoaren dinamiken azterketa zehatza eginez. Besteak beste, kantzelazioaren begirada indibidualizatzailea salatzen du. Izan ere, polemika horiek borroka politiko orokorretatik erauzten dira normalean, eta eskandalu espektakular gisa azaltzen, irakurketa sistemikoetatik landa. Sarritan, gainera, norbanakoaren gozamena elikatzen dute beste ezer baino gehiago: zalaparta mediatikoa amaitzen delarik, berehala ahazten dugu auzia, berehala ahazten ditugu biktimak, eta denak zegoen horretan jarraitzen du.

Kantzelazioak planteatzen dituen arazoetako bat da ea lanabes baliagarria den proiektu politiko eraldatzaile baterako, kontuan izanda kantzelatzaile nagusiak eskuineko ideia politikoen babesleak eta botere handia dominatzen dutenak izan direla. Eta direla oraindik ere. Azken boladan ikusi dugun kanpaina kantzelatzaile handienari erreparatzea besterik ez dugu; Bernedoko Euskal Udalekuekin gertatutakoari alegia. Ageri-agerikoa izan da kanpaina mediatiko-politiko-judizial kantzelatzaile disimulurik gabea udalekuak bertan behera gera zitezen eta lortu dute azkenean udalekuak bertan behera geratzea. Ez ote liguke honek guztiak kantzelazioaren estrategiaren inguruan pentsarazi beharko? Izan ere, bistan da kantzelazioaren zeretan zeintzuk diren espezialistak; nekez edukiko ditu ezkerrak haien ahal eta baliabide mediatiko-judizialak, eta edukitzekotan, zalantzazkoa zait desiragarria ote den horrela baliatzea. Ez dut uste haietatik probetxuzko ezer dutenik ikasteko etorkizun askeago eta berdinzaleagoa desiratzen duten egitasmo politikoek.

Luisge Martin idazlea. J. J. GUILLEN / EFE
Luisge Martin idazlea. J. J. GUILLEN / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA