Amets Aznarez
Bi ahotsetara

Kantzelazioaz

2026ko ekainaren 28a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete honetan auzoko jaiak izan ditugu: Arrotxapekoak. Beti bezain gozagarri eta gogorrak. Bai, gogorrak; protokolo feminista bat ez delako bakarrik esatea «bai, bat egiten dugu». Egon eta egin egin behar da, eta gertatzen diren erasoei erantzun, hori baita benetan bat egitea.

Urtero, jaiak heltzeko egun gutxi batzuk geratzen direnean, behin jasan genuen «kanpainaz» oroitzen gara. Bai, kantzelazio kanpaina bat egin ziguten NIBBASS taldeko rap abeslariek. Pintadak egin zizkiguten gaztetxean, auzoko leku estrategikoetan kartelak jarri, eta abesti bat ere bai; P**** du izenburua, eta errepikan behin eta berriz errepikatzen dute «TĂº eres una puta del sistema». Abestia esaldi honekin bukatzen da: «…No me dejan decir lo que quiera».

Kanta gustatu edo ez, ezin da haren testuingururik gabeko analisia egin. Ez digu bakarrik balio zein errima, doinu edota «duende» duen edo ez kantatzean. Gaur egun, ezin dugu autore baten koadroa begiratu haren arrazismoaz jabetu gabe, edota idazle baten misoginia eta faxismoa aldiro kontuan izan gabe irakurri haren eleberria.

Dilema faltsu bat da obra eta artista separatu daitezkeen ideia. Banaketa horren ezintasuna argi utzi zuen Pierre Bourdieu soziologoak, artearen eta artisautzaren arteko muga aztertu zuenean. Artisau anonimo batek moldatutako zeramikazko plater bat bere erabilgarritasunagatik eta teknikagatik baloratzen da, eta erabilera merkatuko prezioan saltzen da. Alabaina, buztinezko plater bera P. Picassok —erasotzaile nazkagarriak— margotu eta sinatuz gero, berehala bihurtzen da balio kalkulaezineko maisulan. Materialaren aldetik, biak dira buztin hutsa. Miraria eragiten duena ez da teknika, egilearen kapital sinbolikoa eta kultura eremuan duen kokapen pribilegiatua baizik. Sinadurak eta artistaren figurak goratzen dute objektua artelan kategoriara.

Eta hori da, hain zuzen, gakoa: kapital sinbolikoa ez da neutroa. Artistak bere izena jartzen dionean obra bati, ez du soilik kalitate konkretu bat ziurtatzen, boterea ere bai. Eta botere hori norabide batean edo bestean erabiltzen da beti. NIBBASSek berea erabili zuen; guk ikusi genuen nola. Arrotxapean ez genuen ezer debekatu. Asanblada batek hausnartu zuen zein bozek merezi duen gure eszenatokia. Eta urteek erakutsi digute irizpide hori ez dela zentsura, ardura da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA