Ander Lipus.
LAUHAZKA

Klara eta Kandido

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Motorra!Koadroa! Ekin! Nerabezaroan munduko aktorerik onena izan nahi nuen, eta Oscar bat lortzea zen nire ametsa. Donostian Antzerti eskola zarratzen zuten. Madrilen ikasi, gero ingelesa ondo menperatzeko Londresera joan, Actors Studioan ikasketak jarraitu eta Hollywoodeko zine izar bilakatu nahi nuen. Ez nituen ez asmo txikiak! Izar bat izan nahi nuen.

1956an estreinatu zen Hazparnen, Gure Sor Lekua, euskarazko lehen filma. EHUko Nor ikerketa taldeko Josu Martinezek aurkitu zuen pelikula, eta haren inguruko tesia bukatu berri du. Harrezkero, euskarazko zinemak bere lekua bilatzen jarraitu du. Urte honetan euskarazko zinemaren erakusleiho Donostiako Zinemaldian izan ditugun Loreak eta Lasa eta Zabala bezala.

Nire ibilbide profesionalean hamar-hamabost film laburretan parte hartu izan dut. Besteak beste, Iñigo Muguruzak, Josu Martinezek, Txaber Larreategik, Eva Velezek, Iban Ayestak, Urtzi Perezek eta Zuriñe Sotok zuzendutakoak. 2004. urtean atera zen kartelerara Bilboko Pedro Mari Santos zuzendariaren Agujeros en el cielo. Parte hartzen nuen nire lehen film laburrean protagonista bezala lan egin nuen, eta zineman lehen pausoak emateko aukera xume eta on bat izan zen.

Bluk, nire lagun-minak, aktore bati egiten zaion betiko galdera egin dit: «Zer duzu nahiago: antzerkia, telebista edo zinema?». Arras ezberdinak dira. Aktore bezala alde handia dago antzerkian lan egitea edota zineman. Ardura maila ezberdina da. Zineman esperientzia gutxiago dudanez, seguruago sentitzen naiz teatroan. Pelikula bakoitza mundu bat da (ekoizpena, estetika, gidoia…) baina antzerkiaz konparatuz, orokorrean lan egiteko dinamikak ere oso ezberdinak dira. Zineman, kamera aurrean antzezten duzu; teatroan, publikoaren aurrean. Zinean, gezur handiago baten aurrean jokatzen du aktoreak, ia dena da artifizio, dena artefaktu. Energia beste molde batean erabili behar da. Ahotsa erabiltzeko orduan, adibidez, proiekzio maila oso txikia da. Xuxurlatzen bezala hitz egiten da. Aski da ondo ahoskatzea. Eta antzerkian hori ez da posible. Gorputzarekin ere berdin gertatzen da. Begiradak du izugarrizko garrantzia. Minimoetan jokatzen duzu naturaltasunaren bilatze etengabean. Egitearen artea barik ez egitearen artea da niretzat zinema. Irudiak pisu handiagoa dauka, eta hitzak bigarren plano batean gelditzen dira. Euskal zineman, normalean, irudiak hitzak baino indar handiagoa duen susmoa daukat. Kasualitatea bada ere, Gure Sor Lekua filmaren audioa ez da aurkitua izan. Bila eta bila ibili ondoren euskarazko lehen filmak ez du audiorik. Gure herriaren parabola?

Hamar urte ondoren, berriro bueltatu naiz zinema egitera. Asier Altunaren pelikula berria egiten pasa ditut azken sei asteak. Ezin aipatu gabe utzi ondoan izan duen Telmo Esnal zuzendari laguntzaile apartarekin. Zer esanik ez, bikote ederra egiten dutela! Asier Bertsolari dokumentala egiten ezagutu nuen pertsonalki. Kixi-k (hurbilekoenek hala deitzen diote), pasioz eta alegrantziaz zuzentzen du. Gidoiari hamaika mila buelta ematen dizkion horietakoa da. Irudia ondo dominatzen du, eta argi dauka zer bilatzen duen. Irudi du sinbolikoki euskal imajinario bat eraman nahi duela zinemara.

Txintxua Films ekoiztetxean, lantalde atsegina eta oso profesionala aurkitu dut. Bakoitza bere esparruan: dekorazioa, jantziak, kamera, argiekin ibiltzen diren elektrikariak (estikoak gora, estikoak behera), makinistak (bere travelling-ak eta guzti), makillajea, ile apainketa, skript-a eta ekoizpenean aritu izan direnak. Ia bere osotasunean talde euskalduna izateak ere motibatzen du. Sarritan, sortze prozesuetan erdara erabili ondoren eskaintzen baitira euskarazko produktuak. Erritmo bizia izaten du errodajeak, ekipo guztia arrapaladan ibiltzen da leku batetik bestera. Eta aktoreak, begira, egonean, zain. «Ekin!» entzun eta orduan hasten gara lanean. Iraia Elias, Manu Uranga, Amparo Badiola, Nagore Aranburu, Unax eta Aiora Zaldua. Fikziozko familia polita osatu dugu atzo bukatu berri dugun Altunaren filmean. Eta gure aita-amak zer esanik ez. Klara Badiola eta Kandido Uranga. Euskal zinemaren bi aurpegi ezagun. Klarak eta Kandidok badute eskarmentua. Klararekin lehen aldia da lan egiten dudala. Kandido, ostera, Alessandro Bariccok idatzi eta Agurtzane Intxaurragak zuzendutako Zeta lanean ezagutu nuen.

Kandidok, grabatze prozesuko itxaronaldi luze horietako batean, esan zidan: Ez, mesedez, ez ezazu nitaz idatzi, ni lurrari lotua nago, geroago eta lurrago naiz. Eta ez dut izar izateko premiarik. Hemen nire omenaldi txikia zuoi bioi, zuen ibilbideari, zuen lanari, eta bide batez, muxu handi bat, Klara eta Kandido. Lurrean gaude. Zerura begira, izarrei begira. Eta izar iheskorren bat ikusten dudanean, desio bat pentsatuko dut: Euskarazko zinemak bere bidea izan dezan. Horrela, zorionez, aukera izango dugu pantaila handian bi izar txiki edota bi aktore handi berriz ere ikusteko. Klara eta Kandido.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.