Bere kontu arraroetan hasten zenean, Mikel Laboari txistu egiten zitzaion maiz. M-ak ikustera lau katu joaten ziren, Dut-en kontzertuetara beste horrenbeste. Lehen gazteak drogaz hiltzen ziren, musikariei listua botatzen zitzaien eszenatoki gainean zeudela. Frontoietan antolatzen ziren emanaldiak, soinu baldintza negargarriekin; aretoetan erretzen zen, mutilak besterik ez zeuden instrumentuak eskuan, antzera gertatzen zen publikoarekin. Popa egitea anatema izan da hemen, eta egon zen garai bat non bazirudien herria salbatzera zetorren sasi-ska-sasi-punk uholdearen lohi itsaskorrek irentsiko gintuztela betiko.
Dena ez da loriatsua izan hemen, orain ere ez da hala, bistan da. Gogora ditzagun halakoak ere, ez da ezer gertatzen. Errealitatea konplexuegia da bere osotasunean barneratzeko: kimatu behar da forma hautemangarriren bat izango badu. Behin basoa atonduta, zuhaitzak ezabatzeko tentazioa ere ez da makala, baina hortxe dago, enbor oker horietan, bizitza. Nahiz eta batzuetan nahiago ahaztu.
ETAk Lakuntzako Universal diskoteka 30 kilo dinamitaz leherrarazi zuen, 60 kilo erabili zituen Doneztebeko Bordatxorekin gauza bera egiteko, ez galdetu Txitxarro birrintzeko erabili zuten lehergaiak zenbat pisatzen zuen. Imanol Urkixok Euskal Herria Underground liburuan idatzi du nolakoa zen diskoteka haietako giroa —giroetako bat behintzat—, nola sartu zen elektronika Euskal Herrian eta zein izan ziren protagonisten bizipenak. Xabier Gantzaraini Zuloa liburuan irakurri nion Itziarren bazela Txitxarro baino lehenago beste dantzaleku bat, Mendiope, eta bertan aritu zirela Zarama eta Hertzainak lehen kontzertuetako batean, Joseba Zulaikak antolatutako lehiaketa batean. Hiru bonba jarri zituen ETAk han ere, 1985eko maiatzaren 3an.
Diskoteketako bonben garai bertsuan Elorrioko Gazte Topagunean Kiko Venenok uko egin zion jotzeari «dekorazioko zenbait lelorekin bat ez zetorrela eta», orduko Egunkaria-k zekarrenez. Denok ez bada, askok suposa dezakegu zein ziren oihal horiek. Garaiko kontuak, hala onartu genituen zenbaitek, diskrezio gutarrez. Igual norbaitek idatziko du inoiz halakoetan izan ginen askoren deserosotasunez.