Paul Beitia Ariznabarreta.
MIRA

Kristal hautsiak

2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Kristal hautsiaren ederra: zaila da aurkitzen egindakoak dauzkan ondorioak hobeto adierazten dituen irudirik. Atzeraezintasunaren metafora: zati guztiak, banan-banan, lurrean barreiatuta daude, baina ezin daitezke berriro lehen bezala ipini. Ezinbesteko ardurarena: begira dagoenari kristal hautsiak ez dio isla aratza itzultzen, bere buruaren irudi zatikatua baizik. Zer ikusiko ote zuen Donostiako aberaskumeak aste honetan erakusleiho hautsiaren islan?

Jakinekoak dira dagoeneko Donostiako Aste Nagusiaren kari gertatu direnak. Lauzpabost egunetan berrogeitik gora atxilotu, dozenaka isun, zaborrontziak iraulita eta multinazionalen erakusleihoak hautsita. Gero etorri da lehendik zetorrena: hedabide sarraskijaleen sermoia, «marxista-negazionista» izendapena (gero konspiranoikoak besteak dira!), kriminalizazioa, baita ezker instituzionalaren partetik ere. Donostiako EH Bilduk, esaterako, «irmoki arbuiatu» ditu «ekintza bandalikoak», eta elkartasuna adierazi die kalteak jasan dituzten negozioei.

Klase borrokaren testuinguruan, posizio politikoaren funtsa da zein klaseren alde ari zaren. EH Bilduk nahiago izan du gazte langileak kriminalizatzea, Poliziaz txintik ez esatea eta Zara, Adolfo Dominguez eta enparauekin enpatizatzea.

Kristal hautsiek zehatz erakusten digute tragedia: ez multinazionalei eragindako kalteak ezta beraien izaera burgesaren konstatazioa baino ez diren ezker asimilatuaren adierazpenak ere. Tragedia, zinezkoa, Poliziak gauero egurtzen gaituen gazteok, begien bistan pobrezia eta desesperantza besterik ikusten ez dugunok, alternatiba politiko erreal baten gabezian gaudela da. Hor dago gure lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.