Orain egun batzuk Kulturaren Euskal Behatokiaren email bat jaso nuen; azaroaren 5ean eta 6an egingo dituen jardunaldien egitaraua zekarren (gaztelerako mezutik ireki behar izan nuen, euskarazko bi estekak ez zebiltzalako; benetan inork ez dituela gauza hauek gainbegiratzen kultura eta euskara sailean?). Behatokiaren hogei urteak ospatzeko antolatu dira jardunaldiok, eta bertako zein kanpoko hainbat adituk eta erakundeetako ordezkarik hitz egingo dute.
Besteengandik ikastea eta elkarrekin pentsatzea beti emankorra den arren, pena eman dit urtebetetzea kultur arloaren —eta ez soilik kultur industrien— ikerketa potolo batekin ospatu ez izana. Jardunaldiak ikerketa zabal baten aurkezpenarekin ixtea Behatokiaren lana azpimarratzea litzateke, baina ez da gertatuko. Hain zuzen, urteak daramatza Behatokiak kultur programazioaren azterketa sakonik egin gabe. Azken urteotan izen horren pean argitaratu duena datu orokorren multzo bat da, irakurketa kritikorik gabea. Adibide gisa, ikusizko arteei buruzko azken txosten kritikoa 2016koa da.
Uztailean aurkeztu zuen Bengoetxeak Euskadiko Kultura Sistemaren Lege Aurreproiektua, eta jakintzat eman nahi dut diagnostikoren batean oinarrituko zela. Gustura irakurriko nuke diagnostiko hori, Behatokiak ez baitu halakorik argitaratu.
Legeak modu abstraktuan zehazten dituen helburuak gauzatzeko zein pauso zehatz emango diren jakitea ere ongi legoke. Aitzitik, Bengoetxeak behintzat ez digu horren berri emango, lana uztear baitago: Bizkaiko ahaldun nagusi izateko hautagaia izango da. Zertxobait urduritu nau berriak, aurretik beste hauteskunde batzuk datozkigulako. Litekeena da oso laster PPk eta Voxek osatutako gobernu bat izatea Madrilen, eta, gauzak horrela, ongi dakigu nolako erasoa pairatuko duen kultura euskaldun eta feministak.
Bengoetxea bertan ote dagoen ez da kezkatzen nauena, guztiok baikara ordezkagarriak; kontua da oraintxe bertan inor ote dagoen Jaurlaritzan arazo hauek aurreikusten eta balizko saihesbideak planteatzen. Kultura babesteko tresna juridiko eraginkorrak prestatzen jo eta ke lanean ez dagoen administrazio bat izatea da kezkatzen nauena. Jaurlaritza bere autokonplazentziazko logiketan iltzatuta ikusten dut, entzun nahi duenaz bustitzen soilik. Agian ezkorregia naiz, eta autogobernuak eskuin muturreko oldarraldi nazionalistatik salbatuko du kultura, baina euskarak lanpostu publikoetan, unibertsitatera sartzeko proban eta PISA txostenaren harira jasan duen trataera ikusita, zalantza egitea derrigorrezko da. Beraz, botere-borroken eta ospakizun dotoreen aurretik, Jaurlaritzak lehentasuna eman diezaiola gure kultur sorkuntzaren inguruko ikerketa egin eta babesa eraikitzeari, beharko ditugu eta. Aginteak ardura ere bai baitakar.