Gorka Azkarate.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Lehengo lepotik burua

2026ko urriaren 25a
06:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarrerak egun batzuk lehenago agortuta, jendetza Larraun-Lekunberrin. Denbora luzez itxarondako egun berezia bertako jendartearentzat. Bejondeizuela. Fase aldaketak dakartzan zenbait berritasun, finalista izandako bertsolariak kantura, ariketa berriak eta bertso puntuagarri bat gehiago. Saioaren egiturak oharkabean harrapatu zuen bertsozale bat baino gehiago eta ohitu egin beharko gara datozen hiru saioetan hamarreko txikiko ofizioa saioaren hondarreko bertsoaldia izatera. Ez ganbararik, ez ganbara aurreko etenik, lehen itzuli honetan. Bakarkako gai zehatza, bertsolari bakoitzarentzat ezberdina. Eta ariketa entzuleontzat erakargarri bezain bertsolarientzat arriskutsua: puntutan egin beharra. Abiadura, erreflexuak eta zirtoa protagonista. Muturreko bat-batekotasuna. Finalerdiak dira, eta denetariko ariketak izango badira ere, garbi ikusi zen estreinako saio honetan bertsoei martxa bat gehiago sartu beharko dietela bertsolariek, aurrera egitekotan.

Lehenengo faseko saioak itzaletik jarraitu ostean, Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendiren txanda iritsi da azkenik. Halako tamainako saioetan eskarmentu handiko bertsolariak direla erakutsi zuten hasieratik, eta garaipena bien arteko gauza izango zela garbi xamar ikusi zen bertsoaldiek aurrera egin ahala. Martxan doan tren batera igotzeak sorrarazi ohi dituen zailtasunei tenple handiz egin zieten aurre nola hendaiarrak hala añorgarrak. 2013an txapeldun izandako Arzallusek bertsoaldi guztietan utzi zuen zertzeladaren bat, puntutako ariketan goia joaz. Gaztelumendi bere bertsio onenetik gertu aritu zela esan daiteke. Hobeto edo okerrago baina bertsoaldi guztiak egoera sinesgarri eta errealetara errenditzeko ahalegina egin zuen, elementuak, irudiak eta aipamenak txertatuz. Beste urte batez finalean kantatzeko bere hautagaitza bideratzeko pauso garrantzitsua eman zuen, eta ausartuko nintzateke aurten inoizko Gaztelumendirik onena ikusteko moduan egon gaitezkeela iragartzera.

Saioa Alkaiza izan zen hirugarren. Ahots identifikagarria da Alkaizarena, kanturako aukera duen aldiro arreta erakartzen dakiten horietakoa. Txalotzekoa da egoera bakoitzera egokitzeko egin zuen ahalegina eta bere bertsoen bidez jaurti zituen mezuen indarra, askotan gaiak pare-parean tokatu ez arren. Beste batzuetan gertatu ez bezala, erregulartasuna izan zen bere atzoko ezaugarririk aipagarriena.    

Aitortu beharra dago ausardia handia erakutsi zuela Xabat Illarregik, hasierako agurretik beretik kartak ahoz gora jarriaz. Ia etxean jokatu arren ez zuen bere egunik onena izan leitzarrak, ordea, eta saio gorabeheratsu xamarra osatu zuen, zorigaiztoko poto bat tartean. Ez zen guztiz hondoratu, edonola ere, eta basurde zaurituak nola borrokan jarraitu zuen azkenera arte. Bigarren itzulian izango dela dirudi. Xabat Galletebeitia eta Gorka Pagonabarragari dagokienez, utzi zuten eurenetik, nahiz eta saioaren une batzuetan kosta egin zitzaien erabakirik zuzenenak hartu eta, garrantzitsuagoa dena: entzulearekin konektatzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA