Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Maiatzeko loreak

2014ko urriaren 1a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Damutzekoa da Loreak filma ez saritu izana. Ez dakit zergatik ez genuen amore eman. Publikoaren eta kritikaren adostasunari men egin, eta mundu guztia pozik. Euskaltzaleak eta gainontzekoak; urtean zehar zinema bat bera ere zapaltzen ez dutenak ere, asebete. Festa borobilduko genuke; baina, Roberto Castonen film bikainaren izenburuak dioen bezala, tontoak eta ergelak izan ginen. Pelikulako gaiztoak, bihozgabeak, deabru madarikatuak.

Saritu izan bagenu, ez nituen insomnioko gauak pasatuko paroxismoa ohekide izanez —Kobeaga saritzerakoan publikoaren txistuak gaizki ulertzera eraman ninduten nire paranoiek—. Ez nuke Goenaga eta Garañorekin ezkutaketan jolastu behar izango klausurako jaian, jendaurrean negarrari ez emateko. Eta nire aldakak ez zuen filmeko protagonistaren senarraren ostikada hegalari bat jasango. Mina, fisikoa ez, potoloa da. Moriartikoen lana miretsi eta maite dudalako, Jon eta Joxe Mari asko errespetatzen ditudalako.

Ondarroako Marabilli Festibalean esklusiban metrajea ikusi genuenetik, bagenekien harribitxi bat zutela esku artean. Eta pozik nago beraiengatik. Film benetan ederra eta fina atera zaie, Urrezko Maskorra hatz-mamiekin laztanduz. Garrantzizko festibal pilo bat konfirmatuta, zinema aretoak beteko dituzte. Lan batetik bestera esponentzialki hazi dira, eta irrikan nago hurrengo lana ikusteko. Irabazleak dira, eta beraiek badakite.

Ez dira aitzakiak. Ez gara hasiko orain barka eske gure zeregina egiteagatik. Film bat egitea, saritzea edo epaitzea haur bat izatea bezalakoa da: gaizki egitera kondenatuta zaude. Aurten, geu izan gara Zinemaldian ohikoa den palmares polemikoa. Orain, ulertzen ditut. Baina nolako epaimahaia izango ginateke, txalo zaparrada argumentu gisa onartu izan bagenu? Horretarako, epaimahai baten ordez, jar dezatela txalometro bat.

Zintzo jokatu dugu, ikuspuntu xelebreenak erabili arte. Bihotza arrazoimenarekin negoziazioetan, deabruarekin ere negoziatu nuen. Biok dantzan ilargiaren argipean, joko perbertso honetan irtenbide bakarra zuzengabekeria dela marmartu zidan. Amen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA