Kritika. Haur eta gazte literatura

Memoria gara

Miren Amurizaren 'Anastasini zirkua' liburuaren azala. DENONARTEAN
Miren Amurizaren 'Anastasini zirkua' liburuaren azala. DENONARTEAN
2025eko irailaren 14a
04:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

'ANASTASINI ZIRKUA'

Idazlea: Miren Amuriza. Ilustratzailea: Malen Amenabar. Argitaletxea: Denonartean

Haurtzaroko bizipenak era berezian gordetzen ditugu gure baitan. Askotan kontatuz gero oroitzapenei traizioa egiten zaiela senti daiteke, haiek kontatu ahala aldaketa bat eragingo diegula jakitun. Baina, isilean gordeta, urardotu egiten da pentsamendua, galdu.

Kontatzeko urgentzia handia izan daiteke, liburu honetan bezala. Memoria kolektiboaren pasartea denean isilik dagoena, kronika falta duen izugarrikeria bat, eragileek berariaz zokoratutako (beste) pasarte lotsaizun bat.

Amurizak neskato baten ahotik kontatzen digu Anastasini zirku italiarreko partaideei benetan gertatu omen zitzaiena, 1936ko estatu kolpearen biharamunetan.

Kronika intimoa da, haur ahotsa eta pentsamendua imitatuz eraikia, hizkuntza apal batean, alderaketa bidez irudi narratiboak sortuz, metaforara iritsi aurreko maila horretan.

Bi ardatzetan mugitzen dira koloreak, zuri-beltz/hori-gorri; marrazkiak, figuratiboaren eta abstraktuaren arteko ardatz bakarrean. Estetikaren lanketa oso presente dago, hala testuan nola ilustrazioetan. Eta emaitza oroimina da, hitzaren bigarren partean enfasia jarrita: mina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.