Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Milioi bat

2026ko maiatzaren 10a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko Foru Aldundiak milioi bat euroko laguntza emango dio San Mamesen egitekoak diren Mitoaroaren hirugarren kapituluari eta horrek, ezinbestean, Kepa Junkerak duela ia hogei urte jaso zituen 700.000 euroak ekarri dizkigu gogora askori. Itzuli da ezohiko zenbaki handien inguruko ika-mika, beraz, «Junkeraren fandango berri bat bezala». Kritika dezente jaso zituen diru laguntza hark, 250etik gora artistak manifestu bat sinatu baitzuten, babes ekonomiko hura iraingarritzat jo eta «irizpide eskas eta arbitrarioak» salatzeko. Zesatek! taldeak ere bere sonatxoa lortu zuen kantua egin zuen afera haren harira. Kopuru xumeago bat izanagatik, ETSk Bihotzen Konkista kontzertuetarako jasotako 300.000 euroek ere sortu dute haserrerik.

Horrenbesterako al da milioi bat? Ez al dago haserretzeko arrazoi hoberik? Elkarri mokoka hasi behar dugu berriz? Bruce Springsteenek iaz Donostian eman zuen kontzerturako erakunde publikoek 1,2 milioi euro eman zituzten, hori baino gehiago jasotzen du BBK Livek urtero. Kanpokoekin uso, etxekoekin otso, hori da kontua? Gogoratu Kai Nakairen hamabost mila horiek sortu zuten zalaparta. Nahi beste datu pilatu ditzakegu, dena den, eta hautatutakoen arabera, kontuak tonu bat edo bestea hartzen du. Diru kopuruak Mitoarotan neurtu genitzake, Madrilgo prentsak azalerak Santiago Bernabeutan neurtzeko duen joera gurera ekarrita. Bada, San Mames Barria egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak 50 Mitoaro jarri zituen, Durangoko Azokari 0,15 Mitoaro eman ohi dizkio, Etxepare Institutuaren aurtengo aurrekontua 4,6 Mitoarokoa da, Eusko Jaurlaritzak 2026an 10,5 Mitoaro jarriko ditu orotara kulturaren arlo guztien ekoizpenerako eta sustapenerako, AHTaren kilometro bakar batek 52 Mitoaro inguruko prezioa du, Bilboko Bira kulturgunea egitura profesionalik gabe geratu zen ez zutelako 0,045 Mitoaroko aurrekontua bermatzeko beste diru publiko jaso.

Kulturarena ez da tartaren zatirik handiena, bistan da, eta aipatu ez dugun titaniozko museo bati eman zaizkion zientoka Mitoaroak eta etorriko direnak kontuan izanda, Junkera, Reparaz eta enparauena ginga besterik ez da, ziur aski. Baina papurrengatik sortzen dira liskarrik gordinenak. Eta Mitoarotan neurtu ezin den kultura gose da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA