Gorka Azkarate.
Analisia

Nafarroa Arena jopuntuan

2026ko azaroaren 19a
04:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemezortzi bertsolarik kantatuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren bigarren faseko bigarren itzulian, azken hiru finalaurrekoetan. Nafarroa Arenako finalera begira daude guztiak:

  • Amets Arzallus (746,5 puntu): Txapela janztea zer den badaki, eta baita txapeldunorde izatea zer den ere. Gutxik bezala hunkitu ohi gaitu beretik ematen duenean, baita barrez leherrarazi ere. Helburu horiek lortzen baditu, txapela eskuratzeko borrokan egongo da berriz ere. 
  • Nerea Ibarzabal (740): Asko hitz egin da Eibarren eman zuen mailaren inguruan, baina txapelketa honetako alerik onenak gordeak dauzka oraindik. Hurrengo geltokia Gasteiz du. Askoren ustez, Maialen Lujanbioren lekukoa hartzera deitua da.
  • Julio Soto (733,5): Tolosan eta Miarritzen asko hurbildu zen bere bertsiorik onenera. Arnasa hartzeko tarterik gabe kantatuko du Donostian. Gero, lau aste izango ditu Iruñeko hitzordua mimoz prestatzeko. Lehenengo itzuliko izen propioetako bat da.  
  • Beñat Gaztelumendi (733): Zarata handirik sortu gabe, hanka eta erdi Iruñean dauka beste urte batez. Kartel oso erakargarri baten parte izango da Gasteizen, eta Iruñean emango duen mailaren zantzuak erakutsiko ditu berriro ere.
  • Alaia Martin (722): Hitzez esatea zaila den horri hitzak jartzen maisua, Iruñerako bidean da berriz ere. Mikrora hurbiltzen denean, komunean ez da ilara handirik izaten. Helburu handiei parez pare begiratzeko bertso unean dagoela esan daiteke.
  • Miren Artetxe (713,5): Amesturiko postuan igaro da bigarren itzulira, eta gaur-gaurkoz badirudi ez duela sabairik jo. Beretik ematea lortzen duenean, plaza leherrarazten parekorik ez du. Bere burua kristalezko sabaia haustetik hain gertu ikusteak kikiltzen ez badu, finalera iristeko aukera serioak dauzka. Bilbon kantatzen duenerako besteek zer egin duten jakitearen abantaila (desabantaila?) izango du.
  • Aitor Mendiluze (713): Hainbat txapelketatan osatu duen ibilbide luze eta emankorra finalean kantatuz ixtea merezi du. Hamarkadatan pilatu duen eskarmentuaz gain, bere almazeneko alerik onenak ere beharko ditu, edozein moduz, helburu hori lortzeko; bertsotan egin, eta oraindik ere bere saio berean zein beste bietan kantatuko duten zenbait bertsolariren gainetik dagoela erakutsi beharko du. 
  • Sustrai Colina (713): Bigarren itzulira lasaitasun handiagoz igaro nahi izango zukeen, baina aurten ez da halakorik tokatu. Bertsoaldi gehienetan kantatu dituen ale ikaragarriekin baino gehiago irristadekin geratzeko joera inozoa daukagu, eta Miarritzen horretan jarri genuen arreta haren kasuan. Bere mailarik onenera hurbildu beharko du Gasteizen.  
  • Aner Peritz (707): Galtzeko gutxi du, eta guztia irabazteko. Finalera igaro edo ez, dagoeneko arrasto ikaragarria utzi du txapelketa honetan. Etorkizuna marraztu nahi duen belaunaldiaren ordezkarietako bat da.
  • Joanes Illarregi (707): Orain dela lau urte, lehenengo itzulian lortutako aldeari eutsiz igaro zen finalera. Teorian, azken bi eserleku preziatuak lortzeko borrokatuko diren bertsolarien tropelean dago aurten, aukerekin, baina bertsotan oso ondo egitera behartuta. Donostian parez pare izango ditu aurkari zuzen bi.
  • Ane Labaka (703,5): Bigarren itzuliko ariketak parera datozkio, eta helduleku hori nahikoa motibo da baikortasun neurtu bati bidea irekitzeko. Askok egin behar dute huts, eta berak bete-betean asmatu, baina aldeko izan dezake Gasteizen egokitu zaion taldea: saio hori goitik joan daitekeela, alegia.
  • Oihana Iguaran (701,5): Ez dugu oraindik bere bertsiorik onena ikusi txapelketa honetan. Bilbon aukera paregabea izango du zertarako gai den erakusteko. Aurreko bi saioetan gertatu denaren erreferentzia izanik, ez da baztertu behar azken bertsora arte aukerekin jarraitzea. 
  • Nerea Elustondo (696): Lehenengo itzulian puntu eskukadatxo bat gehiago lortu ez zuen arren, ez da Bilbora arratsalde pasa joango. Une oro entzulearen arreta pizten duen bertsolaria da; plazera da hura entzutea, urteek aurrera eginda ere.
  • Aitor Bizkarra (694): Unai Iturriagaren izpirituari dei egin zion Gernikako amaierako agurrean, markagailua iraultzeko azken ahaleginean. Bere maila onenetik gora kantatu beharko du, eta bertsolari askoren aurrean nabarmendu. Langintza zaila, baina ez ezinezkoa.
  • Saioa Alkaiza (689,5): Finalera sailkatzeko aukera errealak dauzkaten eta ez dauzkaten bertsolarien arteko muga non dagoen zehaztea zaila da: muga lauso horren bueltan dago sailkapenean, besteak beste, Alkaiza. Sailkatu ala ez, txapelketa honetan eman duen jauzi kualitatiboan beste maila bat igotzea izango du helburu larunbatean Donostian. 
  • Agin Laburu (687): Txapelketa agurtu zuen, baina txapelketak ez du bera agurtu nahi izan. Finalerako aukerarik gabe, baina plaza erraldoi batean kantatzeko zortea izango du beste behin ere. Illunben arnastuko den tentsioaren erdian, eskertzeko moduko kontrapisua izan daiteke haren freskotasuna.
  • Maddi Ane Txoperena (682): Txapelketak saio gozagarri bat oparituko dio bere aurtengo ibilbideari itxiera eder bat emateko. Beretik eman eta entzulea piztera joango da Gasteizera.
  • Xabat Illarregi (674,5): Azken minutuan lortu du bigarren itzulian kantatzeko txartela. Ez dago amesturiko postuan, baina plaza handi batean kantatuz itxiko du bere parte hartzea. Aurten ezean, etorkizunean finalista izan daitekeela erakustera joango da.
     
    2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Nafarroa Arenan.
    2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, Iruñean, Nafarroa Arenan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

     

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA