Calypso, highlife, apala, mambo eta jùjú; gizon bat vespa baten gainean trajearekin eta gorbatarekin, halako mod nigeriar bat bailitzan. Hondo urdin eta hori argia, letra beltzez bildumaren eta zigiluaren izenak: Nigeria Freedom Sounds: musika popularra eta Nigeria independentearen jaiotza 1960-63, Souljazz Records. Garaiaren eta testuinguruaren azalpenak dakartza barruan, baina musika da artefaktuaren indargunea, nigeriar musika goxo eta ederra.
E.C. Arinzeren Lumumba Calypso eta Freedom Highlife kantuen izenak aski esanguratsuak dira bertan topa daitekeen abesti segidaren ildoaz jabetzeko, eta benetan da plazer iturri haiek entzutea. Nigeriak izan duen izarrik entzutetsuena, Fela Anikulapo Kuti jauna, ezagun egin aurretiko kontuak dira, deskonolizazio garaiko zirrara nagusi zenekoak. Gero Felak irakurriko zuen Malcolm X, eta panafrikanismoaren urak mugituko zituen, eta argitaratuko zituen kantu ikonikoak, eta irudi luke gerora ezer gutxi gertatu dela ia 250 milioi gizasemez eta gizalabaz betetako lurralde hartan.
Haiekiko dugun ikuspegi kulturalak eta, beraz, musikalak, eten bat izan zuen orduan, eta geroztik, txatal batez edo bestez harago, ez zaigu ezer askorik iritsi. Hango gertakariak ez zaizkigu erakargarri agian, ezta erabilgarri edo suspergarri ere.
Billy Bao taldeko Mattin eta Xabier Erkizia joan ziren Lagos hiri erraldoira musika egitera duela zenbait urte. Pasatu zituzten egun batzuk han eta sortu zuten halako zera bat, orientalismoz eta bestetasunez bustitako begiradari ihes egin nahi ziona. Lagos Sessions hura zaratatsua zen, itxuraz konexiorik gabeko puskaz betea; orain oihu batzuk, frekuentzia ezeroso batzuk gero, elkarrizketa bat edo kantaera ohiko bat segidan, haize instrumentuak ezustean... Horrela, ordubetez. Irrati formula hutsa, bistan denez.
Nigeria da, baina izan zitekeen Kuba, Egipto edo Indonesia. Kontakizun biribilen edo osotasunik gabeko pieza solteen jatorri dira denak. Erabateko harmoniaren isla ala anabasa ulergaitz. Hala irakurtzen dugu mundua, hala forma eman, modu nabarmenagoan Hegoari so egindakoan. Baita hura entzuterakoan ere.