Xabier Amuriza.
PASCALEN IRRIBARRETIK

Ñoo!

2020ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Akolito batentzat egun zoragarria zen apaizari soroak bedeinkatzen laguntzea, nonahi ematen baitzuten zerbait gozoa. Gure erretore Don Deoliori lagundu nion batean, bazen baserri urrun bat, nahiko iritsiera zailekoa. Eguraldia ere gaiztoa, etxaldea mendi-zulo sakonean ikusten zen. Tontor betetik apaizak esan zuen: «Bertotik egingo diagu». Bedeinkapenaren ordainez, oilasko parea edo horrelako zerbait elizari oparitzea zen ohitura. Baserri hartatik ez zen heldu ezer. Etxeko alaba baten ezkontza zela eta, apaizak kargu hartu zion neskaren aitari:

— Zuk baduzu aurretik zor txiki bat elizarekin. Hura kitatu gabe, ez gaitezke pasa hurrengoetara.

— Lurren bedeinkapenaz ari al da berori? —Apaizak baietz, eta gizonak: —Bidali nuen, ba, tontor hartatik oilasko parea, aginduz: «Zoazte parrokoarengana, zain egongo da eta!». Ez al dira iritsi?

Akolitotzak dotrinan ere (katekesian) bazuen bere abantaila. Batzuetan libre uzten gintuzten gure zerbitzuen ordainez, baina nik nahiago izaten nuen bertan geratu, Don Deolio zaharra tokatzen zenean.

— Zerua non dago? Goian ala behean?

— Erdian! erantzun zuen mutiko zapo batek.

— Eta Jainkoa non dago? —Don Deoliok.

— Toki guztietan —mutiko zapoak.

— Zuen txiza-putzuan ere bai?

— Bai, jauna! —mutikoak.

— Orduan ez dik usain ederra izango! —Don Deoliok.

Hala ere, akolito baten harrotasun nagusia zen hiletako segizio-buru joatea. Buru hierarkikoa apaiza izan arren, gurutzeak joan behar zuen aurrelari. Eta gurutzearen eramaile, nor eta ni. Hura zen larruak ezin hartua! Luziano izeneko gizon bat zen hilkutxan zihoana. Bere betiko zurrut-laguna, Afrisio ferreteroa, tabernako atean zegoen tristerik, segizioari begira. Hilkutxa parean pasatu zitzaionean, hasperen egin zuen: «Ñoo! Gure Luziano ez duk ondo egongo, elizara zuzen joateko, tabernan sartu gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.