Jon Pagola.
BI AHOTSETARA

Nostalgia? Bai eta ez

2023ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Oso ezaguna da Simon Reynoldsen Retromania: Pop Culture's Addiction to Its Own Past (2011) liburua. Tesiak bere horretan jarraitzen du hamarkada bat geroago. Pop-aren adikzioa bere iraganekiko; hor dago muina: Spotify plataforman sartu eta klik bat egitea nahikoa da atzera begiratzeko. Internetek artxibo historikoak eskura jarri dizkigu. Horrela, artista handien kantuak deskubritzeko aukera ezin hobea du entzuleak. Noski, horrek badu bere B aldea ere. Zaila da konparaziorik ez egitea eta XXI. mendeko pop musika 60, 70, 80 eta 90eko hamarkadakoekin ez alderatzea. Non daude The Byrds, The Stooges, Blondie, The Smiths eta Pulp berriak?

Bi albiste ditut, bat txarra eta bestea ona. Txarra: talde eta musikari originalak, bakarrak eta errepikaezinak dira horiek guztiak. Ezinezkoa da fenomenoa berriro erreproduzitzea. XX. mendea ez da bueltatuko. Barneratu dezagun, kito. Guztiz ados nago nire aitak eta mundu guztiko gurasoek adierazitakoarekin: garai batean egiten zen musika hobea zen, borobilagoa, zirraragarriagoa, transzendentalagoa. Popak eta rock-and-rollak eman dute eman beharrekoa?

Nostalgia horri aurre egiteko, albiste ona da ikustea musikaren haria ez dela eten. Eta ez da inoiz etengo. Dagoeneko, 2023ak askorako eman du. Disko ederrak plazaratu dira, eta bost proposamen berri egin nahiko nituzke. (Ber)aurkikuntzak nostalgiaren garaian.

1. Shannon Lay, Covers, Vol. 1: Bakarlari estatubatuarraren rock eta folk idoloen bertsio biluziak, ahaztezinak.

2. Jerry Leger, Latent Uncovers: Klasikoen berrirakurketa gehiago (The Velvet Underground, Leonard Cohen), rock-etik abiatuta.

3. Temples, Exotico: Neopsikodeliaren errege ingelesak bueltan dira. Iraganez betetako oraina.

4. Nick Waterhouse, The Fooler: Kaliforniako harribitxia. Soul, R&B eta doinu vintage-ak barra-barra.

5. Paint Fumes, Real Romancer: Powerpop eta punk-rock ereserkiak ondu dituzte. Betiko musikaren aztarna hilezkorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.