Reina Sofia museoko teknikarien txostenak Picassoren Gernika ez mugitzeko gomendioa eman omen du; ez dakiguna da zein baldintzatan ez litzatekeen bete behar ez mugitzeko gomendio hori. Hau da, lana kalterik gabe mugitzeko aukera egongo balitz, iritzi bera mantenduko lukete?
Argi dago koadro baten zaintzarako gauzarik egokiena ez mugitzea dela, eta seguru asko, ez erakustea. Baina, artelanak etengabe mugitzen ditugu eta erakusten ditugu. Gaur egun txosten tekniko batek Gernika ez erakustea gomendatuko balu, Reina Sofiatik kenduko litzateke, biltegi goxo batean eta baldintza egokietan gordetzeko?
Teknikarien iritzia kontuan izatearen aldekoa naiz, baina zorrotz jarraituko bagenitu ez lirateke behin-behineko erakusketak egingo, edo ez genuke museorik izango. Azken erabaki hau hartu behar badugu, har dezagun txosten teknikoen iritziei jarraituta. Baina ez da hori gaur egun daukagun egoera. Artelanak toki batetik bestera garraiatzen ditugu, eta erakusketa aretoetan zintzilika dauzkagu ikusgai. Gustatuko litzaidake orain azaldu diren ondarearen zaintzaileak hain zorrotzak izatea beti txosten teknikoekin. Politikari askok ondarearekin egin dituzten astakeriak ikusita, harrituta geratu naiz zer-nolako sinesgarritasuna eta erabakitzeko ahalmena ematen dieten orain txosten teknikoei.
Ez dakit Picassok pintatutako Gernika-k non egon behar duen, baina badakit non egon behar ez duen. Egilearen nahiaren kontra lekualdatu zuten New Yorketik Madrilera, Espainia errepublika izan arte ez eramatea eskatu baitzuen, eta gainera Reina Sofia izeneko museo batera sartu zuten; monarkia ustel baten izena daraman museora. Beste edozein tokitan hobeto egongo litzatekeela iruditzen zait. Gernika ez litzateke toki txarra izango; bonbardaketak artelanari gaia eskaini zion, eta bortxakeriaren kontrako sinbolo unibertsal bihurtu zuen. Gainera, Espainiako Gobernuak bere gain hartu nahi ez dituen arduren zorrak kitatzeko balioko luke. Koadroa mugitzeak kalteak eragin diezazkiokeenez, eraman dezagun Gernikara eta betiko bertan utz dezagun, horrela ez ditu bueltako bidaiaren nekeak sufrituko.