Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Ospakizun gauean

2026ko otsailaren 15a
04:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerk egiten du kontzertu bat kontzertu soil baino gehiago? Lotura emozionalak, giroak, tokiak, antolatzaileek, kantatuko diren letrek, zaleek, dantza pausoek, norberaren egoera pertsonalak, aparrak, esklusibitateak, identitateak indartzeko gaitasunak, talde partaidetza trinkotzeko ahalmenak. Hortxe erantzunaren zirriborro posible bat. Horiek guztiak eta gehiago ziur aski, hala izan da beti eta hala izaten jarraitzen du orain, ezaugarri horietako batzuk indartu eta besteak apaltzen diren arren garaiaren arabera.

Zergatik izan da Errobiren azkena Viktoria Eugenian eta zergatik egingo da Pantxoa eta Peiorena BECen? Oskorrik Bilboko Arriaga antzokian esan zuen agur, Benito Lertxundi halakorik esan gabe aldendu zen oholtzetatik. Egiteko moduak dira, estiloak, bakoitzak ditu bereak. Baina hel diezaiogun Pantxoa eta Peioren itzulerari joera orokorrez aritzeko. Izan ere, halakorik gertatzea pentsaezina izango zen duela hamar urte. Zerk egiten du hitzordua horren erakargarri orain?

Azken aldian euskararen inguruko kezkak adierazi dituen askok ahoan izan du 60 urteko ziklo baten azken hondarrak bizi ditugula. Zein da afera, orduko espiritua gurera ekartzea berriz? Zertarako, baina: amaiera ospatzeko, jaiotza berri bat aldarrikatzeko ala iragana gurtzeko? Omentzeko, bestela, hori al da kontua? Peio Ospitalek esana da iragan haren «berrirakurketa edo errepaso ferekatzaile bat» izango dela saioa, «elkarrekin bizi izan duguna ospatzeko». Ospatu, hori da hitz gakoa igual. Sarri esan izan da ordukoak herri gogo baten isla zirela ikuskizun baino gehiago; galdera da, onartuko didazue probokazioa, orain herri gogo baten aitzakian ez ote diren halakoak, batez ere, ikuskizun. Edo, tira, ospakizun. Zer du ba txarrik ospakizun on batek?

Ikusteko dago ospakizuna pizkunderako lehengai ote den, ez baitago garai hauek aurreikusiko dituenik. Baina, hala balitz ere, bistan geratu da jende puskaz gehiago erakartzen duela ospakizunak berak hala izendatutako pizkunde saiakerak baino. Ikuskizun-ospakizun purua badaki identifikatzen zale aztiak.

Gurean beti izan da garrantzitsuagoa «kontzertu bat baino gehiago» perpauseko «baino gehiago» atala hasierako puska baino. Hori ez da berria. Kontzertu hutsa ez den hori zer den ebatzi behar, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA