Cira Crespo.
Lauhazka

Poeta-komandantea

2025eko urriaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hemengoa ez naizenez, batzuetan, arruntenak ez diren bideak segituz ezagutzen ditut hemen oso ezagunak diren zenbait pertsonaia. Esaterako, nire lanaren parte handi bat XX. mendearen hasierako euskal emakume idazleen inguruan egin dudanez, garai hartako idazle eta politikari batzuk emakumeek idatzitako testuetan ezagutu ditut. Emakume horien eskutik gizon hau eta beste hura ezagutzea polita izan da. Hori gertatu zait, adibidez, Esteban Urkiaga Lauaxetarekin.

Behin batean, bigarren eskuko liburu-denda batean liburu bitxi bat agertu zitzaidan, Los artĂ­culos de amama izenekoa. Polixene Trabuduaren artikuluak ziren. Emakume hori 36ko gerraurreko figura enblematikoetako bat izan zen, eta, gerraurreko garaian nabarmendu ziren emakume gehienak bezala, gerra ostean ahaztua izan da. Baina ez ixildu egin zirelako, baizik eta, besterik gabe, protagonismoa hartu zuten belaunaldi berriek emakume zahar haiek esateko eduki zezaketenari garrantzia kendu ziotelako. Trabuduak gerra amaitu ondoren ere prentsan idazten jarraitu zuen, nahiz eta bestelako eginkizun publikorik izan ez. Eta garai hartako aukeratutako artikuluak agertzen dira, bada, liburutxoan. Eduki batzuk benetan dira interesgarriak, eta esango nuke ezagutzea merezi duten ahotsetako bat dela Trabuduarena. Pena da artikulu horiek ezkutatuta, ia galduta egotea. Euskal politika eta kulturaz interesa daukan edonorentzat atzera ematen duen izenburu horrekin, badirudi bere burua lehenbailehen ahantzarazi asmoz egindako argitalpena dela.

Artikuluetako batek Estampas de Lauaxeta du izena. Hor ezagutu nuen nik Lauaxeta, Trabuduaren bizitzaren bueltan. Honela kontatzen du: «Lauaxetari asko gustatzen zitzaion guri bere olerki zatiak errezitatzea. Zati batzuk buruz ikasi nituen. 37an, Mandalunizekin ezkonduta eta hirugarren semea izateko zorian nintzela, Lezamako geltokiko eskailerak igotzen ari nintzela ikusi nituen: hiru kamioi ziren, institutuko plazaren erdian, kanpainarako prest zeuden gudariz beteta. Eskailera erdian geratu nintzen, eszenari, sua gurutzatzera zihoazen gizon haien irudiari begiratzeko. Eta tristura eta malenkonia sakon batek hartu ninduen. Eta negarrez ez hastearren, eskaileretan gora hasi nintzen berriro, oinak nekaturik eta burdinazko barandari helduta. Bat-batean, plaza bete zuen ahots ezagun bat entzun nuen deika:

- Polixene, Polixene!

Eta poeta Eusko Gudariak abesten hasi zen, bertan zeuden gudari guztiekin batera ozen. Lemoako frontera zihoazen. [...] Malkoak zerizkidan aurpegian. Lauaxeta nire ondotik pasatu zenean, lehen kamioiaren erremolkean zutik, taldearen buru (bera zen kapitaina), berriro egin zidan oihu: 'Animo Polixene! Behin bakarrik hilko gara-eta!'. Eta hiru hilabeteren buruan hil zen poeta-komandantea».

«Nik komandante erromantiko bat ezagutu nuen, Lauaxeta poeta ezagutu aurretik. Geroago jakin nuen Gasteizen, nire herrian, plaka polit bat daukatela preso egon zen eraikinaren pareko plazan; han fusilatu zuten»

Orduan, esan dezakegu, nik komandante erromantiko bat ezagutu nuen, Lauaxeta poeta ezagutu aurretik. Geroago jakin nuen Gasteizen, nire herrian, plaka polit bat daukatela preso egon zen eraikinaren pareko plazan; han fusilatu zuten. Beste liburu batean, Olerkiak Lauaxeta izenekoan, 1974an argitaraturikoan, azken une latz horien inguruko oroipen batzuk ere agertzen dira. Besteak beste, Martin Itziarrek idatzitako hau:

«Gasteizen, bahituak hartzeko gertatu zuten Siervas Alavesas konbentuan sartuak izan ginen. Askatasun pixka bat bagenduan atadian. Horrela ezagun eta atzerritar batzuk etortzen zitzaizkigun. Bazan beltzez jantzitako emakume zahar bat, beldurti xamar gure aurretik igarotzean, ogi-erditxo bat egunero han ondoko pendizean lagatzen ziguna. Emakume honek esan zigun egun batean, nola goiz hartan Lauaxeta ta Plazet donostiarra hilak izan ziren». Beti galdetu diot neure buruari zein ote zen beltzez jantzitako emakume gasteiztar hura.

Azken aldi honetan, irakurketa akademikoagoraino iritsi naiz. Adibidez, duela hilabete batzuk irakurri nuen Jon Kortazarren liburua, Esteban Urgiaga Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia. Nik neukan Lauaxetaren iritzia, batzuetan, ez dago ados Jon Kortazarrenarekin, baina, hala ere, handik ere zerbait polita atera dut. Jakin dut 1930ean Olerti Eguneko saria irabazi zuela Maitale kutuna poemarekin. Hara hor hasiera:

«Inoiz ikusi bako maitale kutuna

neure opa samurrok laztanduten dabe.

Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna,

eta bere larrosak usainduten nabe.

Zerutar egak ditu maitasun zaliak…»

Sorpresa izan dut, Polixenek ere aipatzen baitu poema hori bere artikuluan. Hain zuzen, kontatzen digu erbestean lan mota asko egin zituela, eta askotan irakasle ibili zela. Bere ikasleek zerbait euskaraz esateko eskatzen ziotenean, «nik, beti eta pentsatu gabe, nire benetako izatearen oroitzapen eta nostalgiaren sakonenetatik, poema hori errezitatzen nien (Inoiz ikusi bako maitale kutuna....). Eta amets egiten nuen, amets egiten nuen Lauaxetak idatzi zituela bertso horiek, Esteban Urkiagak idatzi zituela Begoñako galtzadetatik igotzen zen neska baserritartxo honentzat, aratzak ginenean, aberriren maitasuna erabateko entrega eskatzen zuen zerbait zenean, huskeriarik eta alderdikeriarik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.